Pekinen atarikoa

Europako Eskubaloi Txapelketa jokatuko da gaurtik hilaren 27ra bitartean, Norvegian

Julen Etxeberria.
2008ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Atseden hitzak toki gutxi du eskubaloian. Urtean bi hilabete eskas egon ohi da geldirik baloi txikia. Urtero, gainera, txapelketa garrantzitsu bat jokatu ohi da, urte bakoitietan Munduko Txapelketa, eta urte bikoitietan Europako Txapelketa. Aurten, beraz, Europako Txapelketaren txanda da. Norvegian da norgehiagoka, gaurtik hilaren 27ra. Ez da izango, halere, aurtengo txapelketa garrantzitsu bakarra, abuztuan Pekingo Olinpiar Jokoak jokatuko baitira, eta han ere eskubaloiak bere tokia izango baitu.

Hamasei selekzio ariko dira nor baino nor urte honetako lehen txapelaren bila. Azken ekitaldietako ohiturari jarraituz, ez dago faborito argi bat, hautagai sorta bat baizik. Bost selekziok dute txapela lortzeko aukera, eta, lehiaketak, eta nola ez, zorteak, jarriko du bakoitza merezi duen tokian. Irabazleak, gainera, lau sari irabaziko ditu aldi berean: titulua, eta Pekingo Olinpiar Jokoetan, 2009ko Kroaziako Munduko Txapelketan eta 2010eko Austriako Europako Txapelketan aritzeko aukera.

Frantzia, Kroazia, Espainia, Alemania eta Danimarka dira hautagai nagusiak. Multzo horretako lehen hiru selekzioek hamaika arazo izan dute Norvegiako hitzordura iritsi aurretik. Lesioak izan dituzte buruhauste. Arrazoiarekin, gainera, selekzio horietako bizkarrezurra osatzen duten hainbat jokalari etxean geratu dira, eta beste batzuk sasoiz nahiko justu iritsi dira Norvegiara. Frantzian, Michael Guigou ezker hegalekoa Montpellierren geratu da (Frantzia), eta Claude Onesta hautatzaileak azken ordura arte ez du jakingo Bertrand Guille pibota jokatzeko moduan egongo den. Frantziarren zorionerako, Onestak hutsune horiei aurre egiteko moduko taldea du esku artean. Thierry Omeyerrek, Nikola Karabaticek, Didier Dinartek, Luc Abalok eta enparauek Europako txapela irabazi nahi dute bigarren aldiz jarraian.



LESIOAK BURUHAUSTE. Kroaziak ere hutsune garrantzitsua izango du, Mirza Dzomba Zagreben geratu baita, min hartuta. Lino Cervarrek zuzentzen duen taldeak, gainera, beldurrak airean izan ditu azken unera arte, Ivano Balic erdikoa, selekzioaren lemazaina, txapelketatik kanpo geratzekotan egon baita. Azkenean, direnak eta ez direnak egin ondoren, Portland San Antonioko jokalaria Norvegian ariko da. Haren sasoia, hala ere, ez da behar bezalakoa izango, eta hori suma dezake taldeak, zuzendariak huts egiten badu, orkestrak desafinatu egin baitezake. Hala, Blazenko Lackovicek, Petar Metlicicek eta Igor Vorik partekatu beharko dute taldearen gidaritza, Balicek atseden hartzen duenean.

Espainiako selekzioan okerragoa da egoera, selekzioko bi oinarrizko jokalari txapelketatik kanpo geratu baitira: David Barrufet atezaina eta Rolando Urios pibota. Ez dira ez nolanahiko hutsuneak, bi jokalarion lana erabakigarria izan baita Espainiak jokatu dituen azken txapelketetan. Haien lanarengatik ez balitz, Espainia ez litzateke izango munduko txapeldun eta Europako txapeldunorde ohia. Kostako zaio Juan Carlos Pastor hautatzaileari bi jokalarion gabezia betetzea. Haiek gabe, Iker Romerok, Chema Rodriguezek, Juanin Garciak, Alberto Entrerriosek, Jose Javier Hombradosek eta enparauek ekarpen handiagoa egin beharko dute.

Beste bi hautagaiek, Alemaniak eta Danimarkak ez dute horrelako arazorik, eta prest dira txapela irabazteko lehian aritzeko. Alemaniak iazko Munduko Txapelketa irabazi zuen selekzio bera eraman du Norvegiara. Ez da harritzekoa aldaketarik egin ez izana, selekzio horrek maila bikaina eman baitzuen etxean. Oraingoan, hala ere, alemaniarrek ez dute euren zaleen babesa izango, eta epaileek ez diete araudiaren muturreko jokorik egiten utziko. Horrek, ordea, ez luke oztopo gaindiezina izan behar, Heiner Brandek talde ikusgarria baitu bere aginduetara: Henning Fritz, Pascal Hens, Michael Kraus, Florian Kehrmann, Torsten Jansen, Markus Baur, Christian Zeitz... Danimarkako selekzioa, berriz, eredu da: joko ederra egiten du, baliabide askotarikoa, eta estilo hori aurrera eramateko jokalari bikainak ditu (Kasper Hvidt, Lars Christiansen, Michael Knudsen, Kasper Nielsen, Lasse Boesen...). Irabazle sena, hori da Danimarkaren gabezia nagusia. Txapelketa guztietan ageri da txapela irabazteko faboritoen artean, baina atarian geratu ohi da beti, gehienetan lehiaketan egindako huts inozoengatik. Hirugarren izan da azken bi txapelketa garrantzitsuetan, eta Norvegian goia jo nahi du behingoz.

Polonia, Suedia, Errusia, Eslovenia eta Norvegia ageri dira faboritoak baino koska bat beherago. Poloniak azken Munduko Txapelketan egindako lan bikaina errepikatu nahi du -bigarren izan zen-.Bogdan Wentak zuzentzen duen taldeak, halere, ezustekoaren faktorea galdu du jada. Suediak, berriz, lehen lerrora itzuli nahi du, azken hiru urteetan txapelketa nagusietan aritu gabe egon ondoren. Errusiak eta Esloveniak, ordea, irregulartasuna atzean utzi nahi dute. Norvegiak, azkenik, etxean jokatzeak ematen duen absantaila baliatu nahi du urruti iristeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.