Pello Bilbaok (Bahrain) erakustaldia emanda irabazi du gaur Alpeetako Itzuliko laugarren etapa, probako saio nagusia. Simon Yates (BikeExchange) eta Aleksandr Vlasov (Astana) zeuden lasterketaren buruan, Boniprati etapako azken mendatea jaisten. Ia hamar segundo atzerago ekin dio jaitsierari Bilbaok, baina maldan behera ikusgarri arituta harrapatu ditu, eta, indarrez eta konfiantzaz lepo, aurrea hartu die azken metroetan. Denboraldiko lehen garaipena du, eta profesionaletako hamabigarrena.
Garaipenari esker, gernikarrak postu bat egin du gora sailkapenean, eta orain bigarren da, Yatesengandik 58 segundora. Garaipena Michele Scarponi zenari eskaini dio, gaurko egunez duela lau urte hil baitzen txirrindulari italiarra, auto batek harrapatuta entrenatzen ari zela: "Scarpari [Scarponi] eskaini nahi nion gaurko etapa, eta dena eman dut horregatik jaitsieran. Ezin da egunero horrela jaitsi aldapetan". Lasterketa gustukoa duela kontatu du: "Niretzako modukoa da. Ez dira erabakigarriak norberaren hankak bakarrik, beste aukera batzuk ere joka baitaitezke garaipena lortzeko. Asko gustatzen zait lasterketa hau". Bihar jokatuko dute azken etapa.