Denbora zeraman Pello Bilbaok garaipen handi baten usainean, eta lortu du azkenean helburua. Txirrindulari gernikarrak Dauphineko seigarren etapa irabazi du gaur, La Roserie Lehen Mailako mendatean amaitu dena. Dena egin du ondo: hasteko, eguneko ihesaldian sartu da beste 26 txirrindularirekin; gero, erasoa jo du azken mendatean; eta azkenik, ondo eutsi dio aldeari, nahiz eta atzetik, proba irabazteko faborito nagusiek gogotik estutu zuten. Azkenean, 21 segundoren aldea izan du Geraint Thomas (Sky) liderrarekiko eta 23rena Dan Martin (UAE) bezperako irabazlearekiko eta Romain Bardetekiko (Ag2r).
Bilbaoren bigarren garaipena da aurten, duela bi hilabete eskas Alpeetako Itzuliko lehen etapa irabazi baitzuen. Gero, bikain aritu zen Italiako Giroan, seigarren postuan amaituta. Gaurkoak, World Tour proba batean lortutako lehen garaipenak, berriz, agerian uzten du aurten sekulako aurrerapausoa eman duela. 28 urte egin berritan, inoizko sasoirik onenean da. «Atzo egun txarra izan nuen, eta Giroko ahalegina ordaindu nuen. Gaur, aldiz, ondo nituen hankak. Astanak nigan sinetsi zuen, eta asko ari zait laguntzen. Azken igoeran alde txikia lortu dut, eta eutsi egin diot. Zaila da Giroan parte hartu ondoren sasoiari eustea, baina gaur ondo ikusi dut neure burua», esan du Bilbaok etapa amaitutakoan.