Titin III.a-Merino II.a 15. A. Lasa-Peñagarikano 22

Peña aurkitu du Kepak

Beizamakoak eta Lasak partida bikaina jokatu dute Tolosan, eta bikoteak aukeraren bat du oraindik binakakoan

Kepa Peñagarikano, pilota jotzeko zorian, atzo Tolosan jokaturiko partidan. GARI GARAIALD / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Tolosa
2012ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Taldea 1. Partidarena 59.46; jokoarena 23.25.

Pilotakadak. 488.

Saketik. Titinek 1; Lasak falta bat.

Markagailua. 3-0, 3-2, 4-2, 4-3, 5-3, 5-5, 5-6, 6-6, 6-14, 10-14, 10-16, 12-16, 12-17, 13-17, 13-21, 15-21 eta 15-22.

Bestelakoak. Inauteri giro bikaina Beotibarren, Tolosan; ia bete zen. Apustuak 100-50i irten ziren gorriena alde, baina 100-20ra jaitsi arte ez zen apusturik egon. Mugimendu asko egon zen, eta artekari batek baino gehiagok beste paper tako bat eskatu behar izan zuen. Trinket pilotari ohi batek bi postura onartu zituen urdinen alde hasieran, eta pozez kabitu ezinik zen amaieran.

Halako egun bat behar zuen. Urteak egin ditu betiko leloa entzunez: gehiago joka zezakeela baina ez zuela lortzen. Ahal eta sasoi horrekin agindu egin beharko lukeela mila aldiz aditu du, burmuinean sarturiko iltzea balitz bezala. Asegarcen haren bidea bukatutzat jo zuten, eta Jokin Etxanizek erreskatatu zuen udan. Birbideratu egin zuen, hutsak zuzentzen lagundu, eta atzo, Tolosan (Gipuzkoa), azken urteetako partida gozoena jokatu zuen. Inauteri astelehen batez Peña aurkitu zuen Kepak, eta oraindik puntan tokia izan dezakeela erakutsi zion.

Zubietaren ordezkoaren ordezkoak lan bikaina egin zuen, baina ez zen izan gutxiagorako Aritz Lasarena. Bikoteko burua izatea egokitu zitzaion egun handi batean, eta erakustaldia eman zuen hark ere. 11 tanto egin zituen, eta askotan jarri zion erritmoa piloteoari: botera, ezker boleaz, besagainez... Berak eta Peñak bikain hartu zuten elkar, eta 6nako berdinketaren ondoren ezerezean utzi zuten aurkarien defentsa.

Irabazleak 6-14ra joan ziren zuzenean, eta artekari beti lotsagabeen ustea —100-20ri eskaini zuten hasieran— ezerezean utzi. Titinek eta Merinok, berriz, ez zuten euren maila eman, edo, hobeto esanda, ezin izan zuten eman. Bi aurkarien elkarlana atzelari gaztearen gogoa baino gehiago izan zen, eta Titinek ez zuen asmatu norabidea aldatzen. Harena zen aldapa gora jarritako partida zuzentzearen ardura, baina ez zuen lortu. Etsita bukatu zuen. Partida hutsen eraginez itsustu zenean gerturatu ziren gorriak (13-17).

Peñak, baina, ez zuen nahi inork bere egun gozoa ilundu zezan. Lehen tantoetan Lasak agindu bazuen, azken txanpan atzelariak hartu zuen ardura. Erasoan goiko harlauza bilatu, eta aurkitu zuen. «Azken hilabeteetan nire ibilbideko gabezia nagusia izan den hori lantzen aritu naiz Jokin Etxanizen laguntzarekin, eta emaitzak ikusten ari naiz». azaldu zuen gero. Nekatu zenean ere ondo mugitu zuen pilota, baita defentsan ere. Emaitza alde izateak puztu egin zuen, eta txalo eta oihu artean hazi egin zen.

Partida bukatu zenerako Aspeko buruek ez zuten zalantzarik: Pascual osatu bada ere, hurrengo ostiralean Peñagarikanok ordezkatuko du Zubieta Irunen. Eta erne ez badu txapelketa berak bukatzen. Izan ere, eta bost jardunaldi falta direnean, oraindik aukeraren bat badute. Dena den, ez zen Beizamakoa izan Beotibartik pozik irten zen bakarra. Egon zen 100-20rekin arriskatu zuen eta euforiak irentsi zuen apustularirik. Partidaren beste kronika da. Hainbat izan ziren, halaber, faboritoen alde jokatu eta partida osoa haiek babesten pasatu zutenak. Artekarien kontrakantxako joan-etorri urduria ere ikuskizuna izan zen Beotibarren.

Bi muturrak, eta Irujo

Binakako txapelketako ligaxkako bederatzigarren jardunaldia gaur bukatuko da, Tolosan (16:30), Olaizola II.a-Beroiz eta Arretxe II.a-Beginoren arteko partidarekin. Bestalde, Juan Martinez de Irujok atzo ez zuen sukarrik izan, eta Aspen lasai ziren. Dena den, goizegi da jakiteko larunbatean Olaizola II.aren eta Beroizen aurka jokatzeko moduan egongo den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.