Sei etapako itzuli txiki baten parekoa izango da Espainiako Vueltaren azken astea. Oso estu dago sailkapen nagusia, lehen hiru sailkatuak minutu baten jiran dabiltzalako. Eta geratzen diren etapekin eta gainsariekin, edozein lekutan eta momentutan hautsi daiteke Vuelta. La Farraponan larunbatean eta Anglirun herenegun bi erakustaldi eder emanda, Juanjo Cobo (Geox) dago sailkapenaren buruan. Hori bai, 20 segundora dauka Christopher Froome (Sky), eta 46ra Bradley Wiggins (Sky). Bauke Mollema ere (Rabobank) ez dago urruti, 1.36ra. Skyk mugitu beharra dauka lasterketa, eta Geoxi kosta egingo zaio alde txiki horri eustea.
Vuelta amaitzeko geratzen diren sei etapetatik biharkoa da, agian, arriskutsuena —tropel guztiaren edo ihesaldi baten esprintean amaitu beharko luke gaurkoak—. 211 kilometro dauzka etapak, eta Bustos hirugarren mailako mendatea eta Portillo de Lunada bigarren mailakoa igo beharko dituzte tartean. Azken sei kilometroak dira, ordea, ikusgarriak. Peña Cabarga gainean amaituko da etapa, sei kilometro eta %9,1eko batez besteko aldapa daukan mendatean. Oso gogorrak dira lehen hiru kilometroak (%9,7), eta atseden txiki baten ondoren, beldurgarriak azken biak. Batez besteko aldapa %10,7koa da amaiera horretan, eta %16 eta %19ko pare bat zati ere badaude.
Noja, Bilbo eta Gasteiz. Behin Peña Cabargara igota, ordekan ia kilometrorik ez daukaten hiru etapa geratuko zaizkio Vueltari. Nojako etapak ez luke min ikaragarririk egin beharko faboritoen artean, baina Bilbon amaituko dena bereziki arriskutsua da. Vivero motz baina gogorra bi aldiz igo beharko dute azken 40 kilometroetan sartuta, eta ez da askorik beharko tropela hausteko. Biharamunean, Urkiolak emango du azken epaia, baina 46,4 kilometro daude gainetik Gasteizeraino. Urkiolaz gain, haizea izango da arriskutsuena larunbateko etapan, azkenaurrekoan.
Hiru asteko zalapartaren ondoren, ohi bezala, irabazleei omenalditxoa egiteko balioko du azken etapak, Jaramako zirkuituan hasi eta Madrilen amaituko denak. Sei etapa, amaiera arriskutsu asko, eta sailkapen nagusia estu-estu. Ikuskizuna eskainiko du Vueltako azken asteak ere.
Peña Cabarga eta Euskal Herria bihurtuko dira Vueltako epaile
Minutu bateko tartean daude Cobo, Froome eta Wiggins, eta amaiera arriskutsu asko daude oraindik Vueltan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu