Penaltiz, estu eta larri

Manchester Unitedek asko sufritu du Otelulen zelaian, eta Rooneyk penaltiz sartu ditu bi golak

unai zubeldia
Donostia
2011ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Hori da sufritzea hori. Manchester Uniteden ezina harrigarria ari da izaten. Bai, irabazi zion atzo Otelul talde apalari, eta txukundu du C multzoko sailkapena. Baina Rooneyk penaltiz sartu zuen partida askatu zuen gola, 64. minutuan, eta baita bigarrena ere, 91.ean, Vidic kaleratuta sufritzen ari zirenean. Benficak, berriz, aise irabazi zuen multzo berean (0-2), Basilearen zelaian, eta portugaldarrak jarri dira buruan, zazpi punturekin.

A multzoa da, zalantzarik gabe, Txapeldunen Ligako multzorik gogorrena, eta horren erakusgarri dira atzoko emaitzak. Manchester Cityk azken minutuan irabazi zion Vila-reali (2-1), Agueroren golari esker, eta Bayern Munich ez zen gai izan Napoliren zelaian hiru puntuak eskuratzeko (1-1). Vila-real zuloan geratu da atzoko porrotaren eraginez.

D multzoan eroso irabazi zuen hirugarren partida ere Real Madrilek (4-0), eta 9 punturekin ia sailkatuta dago. Ajaxek 0-2 irabazi zuen Dinamo Zagreben zelaian, eta Olympique Lyonekin berdinduta dago, launa punturekin. B multzoan ere dezente argitu zaio egoera Inter Milani —buruan dago, sei punturekin—, Lilleren etxean 0-1 irabazi ondoren. CSKA Moskuk, berriz, 3-0 irabazi zion Trabzonsporri. Bi talde horiek launa punturekin daude.

Gaur beste zortzi partida

E eta G multzoetan daude gauzak estuen, baina gaur dezente argitu daiteke egoera. E multzoan, Genken aurka ariko da Chelsea, etxean, eta Valentziaren bisita jasoko du Bayer Leverkusenek. Etxeko bi taldeak daude buruan, 4 eta 3 punturekin. G multzoan, berriz, sailkapena iraultzeko aukera daukate Portok eta Xakhtarrek, etxean ariko direlako biak, multzoko buruen aurka. F multzoan Olympique Marseillaren eta Arsenalen artekoa da erakargarria, irabazleak eskura edukiko duelako hurrengo faserako txartela. Borussia Dortmund-Olympiakos partidako galtzaileak hanka eta erdi izango du Txapeldunen Ligatik kanpo. H multzoan, azkenik, etxetik kanpo ariko dira Milan eta Bartzelona, baina ez lukete arazo handirik eduki beharko hiru puntu eskuratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.