«Bagenekien zaila zela aurreko denboraldiko maila onari eustea, baina indartsu ekin nahi genion ligari, titulua lortzeko borrokan murgiltzeko». Lehen sei partidetan, sei garaipen; 24 gol alde eta bi kontra; taldeko bi aurrelari nagusiak bosna gol sartuta... Juan Luis Fuentes Athleticeko entrenatzaileak (Donostia, 1965) gauzatu du lehen helburua. «Aurreko sasoiko bizkarrezurrari eutsi diogu, eta asko lagundu digu horrek». Lehen sei jardunaldiak jokatuta, lider dago Athletic, 18 punturekin. Bi puntura dago Rayo Vallecano, laura Atletico Madril, bostera Espanyol eta Sporting Huelva, eta zortzira Bartzelona. Zuri-gorrien sasoi hasiera bikainaren azterketa zehatza egin du Fuentesek BERRIArekin.
1. Golak, alde eta kontra
Lehen Mailako hamasei taldeetatik inork ez du sartu lehen sei jardunaldietan Athleticek baino gol gehiago (24), eta inori ez diote sartu gutxiago (2). «Orain arteko datuak oso onak dira. Puntuak funtsezkoak dira erregulartasunaren ligan, baina garrantzitsua da puntuak lortzeko modua ere. Taldea bi areatan estutzen ari dela esan nahi du hainbeste gol sartu izanak eta hain gutxi jaso izanak». Sendotasun handiarekin irabazi ditu Athleticek partida gehienak. Lau aldiz utzi du atea hutsean, eta beste bi partidetan gol bana sartu diote aurkariek; etxetik kanpo bi kasuetan, Prainsa eta Sevillaren zelaietan. Bosna golekin daude Erika eta Nekane; hiruna sartuta daude Eunate, Gurutze eta Ibarra; bi sartu ditu Manuk; eta gol bat sartuta daude Iraia, Orueta eta Arranz. «Garrantzitsua da taldean aukera handia edukitzea; horixe da Athleticen indargunea. Aurkariei begira, liga guztian jokamolde jakin bat ez edukitzea espero dut». Kalitateaz eta gaitasunaz gain, Fuentesen hitzetan «gora iristeko eta jokaldiak amaitzeko grina» daukate jokalariek. «Jokalariren bat falta denean, taldeak gehiegi ez nabaritzea da gakoa, eta lortzen ari garela uste dut».
2. Egutegia, «erosoa»
«Liga hasierako egutegia aldekoa geneukan, erosoa, nahiz eta emaitza batzuk engainagarriak izan diren; Sevillaren aurkako 1-4koa edo Levante Las Planasen aurkako 4-0ekoa. Uste baino partida estuagoak izan dira bi horiek». Athleticeko entrenatzailearen hitzetan, ligako «azken partida» izan da gogorrena. «Levanteren aurkakoa». Fuentesentzat, esanahi berezia dauka azken jardunaldiko 0-1ekoak. «Espero genuen bezala, oso partida lehiatua izan zen, eta asko sufritu genuen. 90. minutura arte estutzeko gaitasuna eduki zuten jokalariek, eta baloirik gabe ere jokatzen asmatu genuen». Athleticeko entrenatzailearen hitzetan, «aspaldiko ligarik berdinduena» da denboraldi honetakoa. «Eta Levanteren aurka egin genuen bezala, garrantzitsua da sufritzen jakitea». Bartzelona, Espanyol, Rayo, Atletico Madril eta Levante. «Talde horiek uste dut ariko direla gurekin lehian goiko muturrean».
3. Espanyol eta Rayo
Asteburu honetako atsedenaldiaren ondoren, Huelvako Sportingen aurka ariko da Athletic hilaren 28an —bosgarren postuan daude espainiarrak, 13 punturekin—, eta atzetik iritsiko dira Espanyol eta Rayoren aurkako partida zailak. «Zalantzarik gabe, partida horien ostean argiago jakingo dugu non gauden. Hori bai, bi partida horietakoren bat galtzea ez da erabakigarria izango, talde guztiek galduko dituztelako puntu dezente ligan; Sevilla edo Levanteren aurka, adibidez».
4. Taldearen jokoa
Erasoko jokoan, oraindik ere, «zailtasunen bat edo beste» daukatela argitu du Fuentesek. «Etxetik kanpo, bereziki». Zelaia dago jokoko gorabeheren oinarrian. «Oso desberdina da Lezaman jokatzea, edo belar artifizialeko zelai txikiagoetan aritzea. Erasoan jarraitutasun handiagoa behar dugu etxetik kanpo». Defentsako lanean, berriz, «sendo» jokatzen ari dira entrenatzailearen ustez. «Baina Irene, Tzibi... jokalari batzuen erregulartasuna falta zaigu oraindik. Ondo ari gara, baina jokalari guztiak prest daudenean, are hobeto aritu gaitezkeela uste dut».
5. Fitxaketen ekarpena
Aurreko denboraldiko bizkarrezurrari eusteko gai izan zen Athletic denboraldi-aurrean, eta hiru jokalari fitxatu zituen: Leire Landa, Eunate Arraiza eta Ane Otxoa de Zuazola. Gainera, Silvia Ruiz eta Sandra Garcia igo zituzten bigarren taldetik. Zuri-gorrien entrenatzailea «oso gustura» dago guztien ekarpenarekin. «Leirek eta Eunatek aukera handia eman digute. Joan den sasoian ezker hegalerako ez geneukan jokalari jakinik, eta freskotasuna emango digute biek, aukerak ugarituko zaizkigu; ondorioz, jokalariak freskoago iritsiko dira liga amaierara». Leirek «indar handiarekin» jokatzen duela azpimarratu du Fuentesek. «Eunate oso azkarra da buruz burukoan; golak sartzeko erraztasuna dauka». Ane, «atezaina», lehen eta bigarren taldeetan ariko da. «Etorkizun handia dauka, Silviak eta Sandrak bezalaxe. Hirurak primeran sartu dira taldearen egunerokoan; hori funtsezkoa da gero errendimendua ona izan dadin».
6. Txartel hori bakarra
Epaileek txartel hori bakarra atera diote orain arte Athletici, eta zuri-gorrien aurkari izan direnei lau atera dizkiete denera. «Emakumezkoen futbola gizonezkoena baino leialagoa da, eta, oro har, txartel hori gutxiago izaten dira». Baina ezaugarri hori taldearen sendotasunaren seinale ere bada, partidak eroso antzean irabazi dituztelako bilbotarrek. «Talde oldarkorra da gurea, baina legearen barruan jokatzen dugu beti. Emakumezkoen futbolean jokaldi gutxitan izaten da, hala ere, intentzio txarrik».
Perfekzioa ez dago urruti
Ligako lehen sei partidak irabazita, Athletic oso sendo dago lidergoan, eta titulua irabazteko hautagaietako bat dela berretsi duJokalarien «grina eta indarra» goratu ditu Juan Luis Fuentes entrenatzaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu