Real Madrili aurre egitea beti da lan gaitza. Partida Santiago Bernabeun jokatzen badute are eta nekezagoa da punturen bat eskuratzea. Eta aurkaria une gozoan badago ia ezinezkoa da ezustekoa ematea. Bartzelonak eta Real Madrilek beste taldeen aldean duten nagusitasuna hain da handia, haiek mendean hartzea mirari baten parekoa dirudi. Espainiako Kopan Bartzelona mendean hartzea bezain zaila izango da Athleticentzat gaur Madrilen punturen bat eskuratzea. Azken egunotan zeresan handia ematen ari den telebista eskubideen inguruko auziak eragin duen ondorioetako bat islatzen du gaurko norgehiagokak, besteak beste.
Ez da erraza izan behar Athleticeko jokalari baten larruan egotea. Eskertzekoa litzakete pentsatzen duenaren berri izatea. Izan ere, sarri askotan ez dute askorako balio aste osoan egiten dituzten adierazpenak. Ez dutelako esaten pentsatzen dutena. Esan behar dena baino ez dute esaten. Ondo neurtutako adierazpenak egiten dituzte. Ez baita inor mintzea komeni. Izan ere, zer pentsatuko lukete Athleticeko agintariek, teknikariek edo eta zaleek jokalari batek ezinezkotzat joko balu partida bat irabaztea? Asko ados egon arren, ez litzateke zuzena izango. Ez bailuke agertuko kirolari batek izan behar duen lehiarako jarrera egokia. Baina jokalariak ere gizasemeak dira, eta gehienek lurrean dituzte oinak. Eurek dakite inork baino hobeto zenbat ari zaien kostatzen etxetik kanpo lehiakorrak izan eta emaitza onak eskuratzea. Bestalde, eurek dakite inork baino hobeto zein gaitza den munduko jokalaririk onenetakoei aurre egitea. Eta, nola ez, eurek dakite inork baino hobeto nola dagoen orain Real Madril. Jose Mourinhoren Real Madril. «Real Madril talde zuzena eta eraginkorra da. Mourinhok talde lana hobetzeko baliatu du jokalarien talentua», adierazi zuen atzo Joaquin Caparrosek. Ezin da erraza izan elkarri laguntzeko prest dauden goi mailako futbolariei aurre egitea.
Azken sasoietan baino askoz talde orekatuagoa dela erakusten ari da Real Madril. Lehen nahikoa zuen erasoan zuen gaitasun mugagabea baliatzea talde gehienei aparteko arazorik gabe irabazteko. Ligak irabazteko gai izan da defentsan hutsuneak izan arren. Baina denboraldi honetan aldatu egin dira gauzak. Mourinhok argi dauka talde baten arrakastaren oinarri nagusia defentsako lana dela. Atea ondo zainduz gero neurketa gehienak irabaziko dituztela, alegia. Ez Espainiako Ligan bakarrik, baita Txapeldunen Ligan ere. Izan ere, beste txapelketa batzuetako onenen aurka lehiatu denean konturatu da Real Madril egun ez dela punta-puntako taldea. Iraganeko hutsetatik ikasi eta onenen artean onena izateko bidean jarri nahi du berriz Real Madrilek. Horrenbestez, Athletici ezin zaio asko eskatu horrenbeste dohain dituen talde baten kontra. Halere, Caparrosek ez dauka esperantza galduta. «Baikorra naiz. Gurea ematen badugu, aukera izango dugu. Jarrerari eta talde lanari dagokionez, aurkariaren beste izan behar dugu».
Atsedena Toquerori
Athleticek perfekziora gerturatu beharko du Real Madril mendean hartzeko. Hala ere, aurkariari ere ez zaio lo hartzea komeni. Talde zuri-gorria lan txukuna egiteko gai baita. Baina badirudi Madrilen ez duela beldur handirik eragiten. Izan ere, aste guztian ez diote arretarik jarri gaurko norgehiagokari. Mourinhok Manuel Preciado Sportingeko entrenatzailearekin duen ika-mika, Llorentenganako interesa, Espainia eta Portugalen arteko lagunartekoa eta Bartzelona-Real Madril partida izan dituzte hizpide. Azken finean, ziur daude ez dutela arazorik izango Athletici irabazteko.
Neurketa gaitza izan arren, Caparrosek ez du joko sistema aldatuko. Gaur ere 4-4-2koarekin zelairatuko da talde zuri-gorria. Amorebieta osatu denez, Athletic hiru erdiko atzelarirekin ari zitekeela ere aipatu da. Entrenatzaileak ez du aldaketarik egingo, ordea. Hala ere, hamaikakoan berritasun asko espero dira. Atzealdean, Amorebieta eta Aurtenetxe sartuko ditu beharbadak; zelai erdian, Orbaizek beteko du Gurpegiren lekua, eta Gabilondo arituko da akaso ezkerretik; aurrean, berriz, Velez edo Muniain ariko da Llorenteren ondoan. Toquero eta Igor Martinez ez daude aukeratuen zerrendan.
Perfekzioaren bila
Athleticek partida biribila jokatu beharko du gaur Real Madrili aurre egin gura badio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu