Raul Garcia. Athleticeko jokalaria

«Perfekziora iristen saiatzen naiz»

Ez da erraza erdilari zuri-gorriak bere buruari baino gehiago eskatzen dion futbolari bat aurkitzea. Hala ere, norbanakoaren gainetik, lehentasuna taldea dela azpimarratu du behin eta berriro. Etxetik kanpo lan ona eginez gero, ez du baztertu laugarren izatea.

haritz gallastegi
Bilbo
2017ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Raul Garcia (Iruñea, 1986) Athleticek luzaroan fitxatu gura izan zuen futbolaria da. Ahalegin asko egin ostean lortu zuen, 2015-2016ko sasoiaren hasieran. Asmatu egin du hura fitxatuta, lehiakortasuna, gola eta irabazle sena eman baitizkio taldeari.

Aurkari zuzen gehienek irabazi egin dute azken jardunaldian. Hortaz, ezinbestekoa zen Sportingi irabaztea Europarako sailkatzeko lehian bete-betean jarraitzeko.

Goian egoteko, astero dago irabazi beharra. Halaber, aurkari zuzenenek euren partidak irabazi dituztela jakiteak oraindik eta premia handiagoa sortzen du. Taldeak oso ondo erantzun zuen.

Inoiz ez da erraza izaten Europarako sailkatzea, baina sasoi honetan garesti dago oso.

Talde asko gaude lehian. Aurreko sasoietan ere lehia gogorra egonda, baina talde gutxiagoren artean izan da. Parekotasun horrek daukagun onena ematera behartuko gaitu jokalariok. Era berean, jarraitzaileentzat ederragoa izango da ikuskizuna.

Zein talde ikusten duzu indartsuen Europa ligan sartzeko?

Oraindik asko falta da. Argi daukat liga ez dela amaituko gaur dagoen bezala. Bigarren itzuliko lehen partidak oso garrantzitsuak dira. Dena dela, Reala eta Vila-real lehian egongo dira azken jardunaldira arte. Bestalde, Sevilla apur bat gorago dago. Guk gurea ematen badugu, talde horiekin borrokan arituko gara.

Laugarren postua lor daiteke? Txapeldunen Ligan sartzeko aukerarik ba al du taldeak, edo oinak lurrean izan behar dira?

Oinak lurrean izatea da argi edukitzea zer egin behar den aipatu duzun hori lortzeko. Ezin da gorabeherarik izan. Etxetik kanpo emaitzak hobetzea lortuz gero, laugarren izateko lehian egon gaitezke. Argi izan behar dugu onenen artean egoteko ezin dela kale egin. Taldeak lan ona eginez gero, bizpahiru hilabete barru jakingo dugu aukera izango dugun ala ez.

Athleticen jokoa aspaldi da hizketagai. Zuk ontzat ematen duzu edo hobetzeko asko daukazuela iritzi diozu?

Oso ondo jokatu eta hamargarren postuan amaitzen badugu, inor ez da pozik egongo. Aldiz, nahiz eta jokoaz eztabaida egon, taldeak goian amaitzen badu, helburuak lortu ditugula esango duzue. Niretzat, emaitza onak lortzeak du lehentasuna, baina argi daukat helburuak lortzea errazagoa dela gauzak ondo eginda. Ondo lehiatzea da garrantzitsuena.

Zer falta zaio Athletici inguruak eskatzen dion joko maila lortu ahal izateko?

Ez dakit. Etxetik kanpo pare bat partida gehiago irabazi izan bagenitu, denboraldiaren balorazioa oso ezberdina izango zen. Europatik puntu bira gaude, eta Txapeldunen Ligatik laura. Ezin daiteke esan denboraldia txarra denik. Badakigu zer eman dugun eta zer emateko gai garen. Horregatik jarri digute langa horren goian.

Taldeari egin zaizkion kritikak gehiegizkoak izan dira?

Nik ez dut sekula esaten lekuz kanpoko kritikak direnik. Zaleek eskubidea dute gura dutena pentsatzeko eta esateko. Baina, niri,taldeak pentsatzen duenak ardura dit. Jokalari guztiok asko eskatzen diogu geure buruari. Mentalitate horrek eramango gaitu helburuak lortzera. Horrek lasaitasuna ematen dit. Kritikaren alde ona hartu, eta taldearen onerako erabiltzen ahalegindu behar dugu.

Osasunaren, Atletico Madrilen eta Athleticen inguruak ezagutu dituzu. Bilbon beste lekuetan baino gehiago eskatzen da edo talde guztietan jokatzen da modu berean?

Talde guztietan berdin da. Taldeak ongi jokatzen badu eta emaitza onak lortzen baditu, denboraldiko bide beretik segitzeko eskatzen zaio. Gurean, Europarako sailkatzea da helburua urtero. Zaleak ohitu egin dira Athletic goian ikustera, eta horregatik eskatzen dute.

Larunbatean Camp Nou bisitatuko duzue. Bartzelonaren kontra sarri jokatu duzue azken urteotan, eta partida horiek denetarik izan dute. Ohi baino gogo handiagoarekin jokatuko duzue?

Bartzelonaren kontrako partidek motibatu egiten gaituzte. Gaitza da eurak ezustean harrapatzea, baina geure burua gai ikusten dugu emaitza ona lortzeko. Oso kontzentratuta jokatu beharko dugu.

Gustura zaude orain arte eman duzun mailarekin?

Egiten dudan jokoa egiten dudala, zaila da ni pozik ikustea. Gauzak ondo egin arren, hobetu egin daitezkeela uste dut. Perfekziora iristen ahalegintzen naiz. Halere, niretzat, gehiago balio du taldeak helburuak lortzea ni ondo aritzea baino. Asko eskatzen diot neure buruari. Hortaz, beti dut zer hobetu.

Raul Garciari epaileez galdetu bariko elkarrizketa ez da elkarrizketa osoa. Athleticeko jokalari batzuk gehiegi kexatzen al zarete?

Jarraitzaileek ikusten ez duten egoera asko bizitzen ditugula esan dezaket. Badakigu epaileei laguntzen ahalegindu behar garela, baina gu bakarrik ez, baita gainerako futbolariak ere. Epaileen lana ez da samurra. Baina ni lehiakorra naiz. Irabazi nahi dut, eta hori lortzeko lan egiten dut. Aipatu dizudana oinarritzat hartuta, neurtu egin beharko genuke asko ala gutxi kexatzen naizen edo egiten dudana ondo edo txarto dagoen. Athleticeko jokalariak zintzoak gara. Zuzena ez den modu batean ikusten gaituzte.

Ligako epaileen maila ona da?

Euren arazoa da. Alda ezin daitezkeen gauzetan ez du merezi denbora galtzea. Berriz diot,epaile izatea ez da erraza. Okerren bat egiten dutenean, inoiz ez dut pentsatzen fede txarrez egindakoa denik. Euren lana errespetatzen eta eurei laguntzen ahalegindu behar gara.

Athleticek fitxatu zintuenetik denbora joan da. Erabaki zuzena hartu zenuen Bilbora etortzea erabaki zenuenean?

Noski! Ez daukat inolako zalantzarik. Arlo guztietan oso pozik nago. Taldez aldatzeko erabakia hartu aurretik, nire kirol ibilbidearentzat zein familiarentzat onuragarria den ala ez aztertzen dut. Aurreikuspenak betetzen ari dira. Gainera, zelaian taldeari laguntzeko gai naizela ikusten dut. Gozatzen ari naiz.

Zer da Athleticetik gehien gustatu zaizuna?

Aurrez egon naizen klubetan oso giro ona egon da taldean. Baina Athleticek duen berezitasuna da futbolari guztiak etxekoak izanda askoz errazagoa dela ganoraz lan egitea. Egoera onak zein txarrak ondo kudeatzen dira.

Eta zertan uste duzu hobe dezakeela?

Hobetzeko bide bakarra eguneroko ahalegina da. Kluba oso ondo ari da.

Europarako sailkatzea da Athleticen helburua; baina liga irabaztea begiz jota duten taldeei dagokionez, ohi baino apalago ari dira jokatzen. Real Madril, Bartzelona eta zuk ondo ezagutzen duzun Atletico Madril puntu asko ari dira galtzen. Zer gertatzen zaie?

Azken sasoietan asko nabarmendu dira, baina, gaur-gaurkoz, ez dakit nork irabaziko duen liga. Gorabehera asko izan dituzte. Baina ulergarria ere bada. Ez dira makinak. Bolada onak eta horren gozoak ez direnak daude hamar hilabeteko txapelketa batean. Hori ona da futbolarentzat.

Zein taldek harritu zaitu gehien orain arte?

Alaves oso ondo landuta dago. Igo berria izan arren, oso lan ona ari da egiten. Bestalde, Sevillaren lana ere aintzat hartu behar da. Azken urteotan maila ona eman du, baina sasoi honetan jokatzeko era aldatu du, eta oso ondo ari da.

Osasunak mailari eutsiko al dio?

Nire esku balego, bai. Askoeman didan kluba da. Egoera gaitzean dago, baina sarri ibili da aurrez ere aldapa gora, eta aurrera egin du. Atzera bueltarik ez dagoen bitartean saiatu egin behar da. Sekula ez dago jakiterik zer gerta daitekeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.