Bengoetxea VI.a-Ruiz 13. Irujo-Merino I.a 22

Perfekziotik gertu

Irujo eta Merino I.a ezin hobeto aritu dira, eta nagusitasunez sanmateoetako lehen puntua eskuratu dute

Irujo airez pilota jotzen, Bengoetxea VI.a begira duela, aurtengo Donostia Hiriko Torneoan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
2011ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Zirt eta zart. Atzean nagusitu eta aurreko koadroetan tantoa amaitu. Horixe da pilotaren perfekzioa. Bada, antzera aritu ziren atzo Irujo eta Merino I.a, sanmateoetako A multzoko estreinako partidan, Logroñoko Adarraga pilotalekuan. Aspekoek partida biribila jokatu zuten, hamabi tanto egin eta bi soilik galdu baitzituzten, eta ez zieten inolako aukerarik eman Bengoetxea VI.ari eta Ruizi. Inspirazioa gainezka zutela aritu ziren urdinak, batez ere Iberokoa, eta erakustaldia eman zuten. Asegarcekoak, berriz, ez ziren euren ohiko mailara hurbildu ere egin, eta ia ezinezkoa dute iazko txapela berritzea.

Ez da erraza izaten udara amaieran gorputza fresko edukitzea. Izan ere, hainbat partida jokatu behar izaten dituzte pilotariek, eta nekaturik egiten diote aurre azken torneoari. Horixe bera gertatu zaie Bengoetxea VI.ari eta Ruizi. Irujo eta Merino, baina, indartsu daude oraindik, eta hori garbi erakutsi zuten atzo. Bazirudien atzeko koadroetan aldea egongo zela, Ruizek bizkarra erakutsiko ziola errioxar gazteari, baina ez. Espero zen kontrakoa gertatu zen. Merino anaietan zaharrenak agindu egin zuen, eta Irujok bata bestearen atzetik eduki zituen aukerako pilotak. Eta, noski, Iberokoak ez du barkatzen halakoetan.

Guztira hamaika tanto egin zituen, mota guztietakoak. Airez sei tanto amaitu zituen, baina horma bikoz, dejadaz eta moztuta ere egin zituen ederrak. Musika jotzeaz bera arduratu zen, eta aurkariak dantzan ibili zituen. Hori bai, atzelariak ere ezin hobeto lagundu zion. Profesional ibilbideko lehen torneo garrantzitsua du Merino I.ak, eta atzo, behintzat, ezin hobeto erantzun zuen bere publikoaren aurrean. Bikote sendoa osatzen dute Aspekoek, eta txapela irabazteko hautagai sendoak dira. Finalera sartzeko, hala ere, Xala eta Laskurain hartu beharko dituzte mendean datorren ostegunean. Bengoetxea VI.ak itxura ona eman zuen partidaren azken txanpan, baina Ruizek ez zion batere lagundu. Gerrietako arazoekin aritu zen Lizarrakoa, nahi eta ezinean.

Berasaluze VIII.a-Beginok eta Olaizola II.a-Beroizek, bestalde, gaur jokatuko dute B multzoko lehenengo partida. Azken horiek irtengo dira faborito, batez ere aurkariak ez dabiltzalako ongi aspaldian. Multzoko beste bikotea Titin III.ak eta Zubietak osatzen dute.

Iraupena. 58 minutu.

Pilotakadak. 595.

Sakez. Bengoetxea VI.ak, alerik ez, eta Irujok, bat.

Markagailua. 0-3, 1-3, 1-4, 4-4, 4-7, 5-7, 5-15, 6-15, 6-18, 9-18, 9-19, 11-19, 11-21, 13-21 eta 13-22.

Bestelakoak. Partida hasieran, dirua Asegarcekoen alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.