PARALINPIAR JOKOAK

Perle Bouge arraunlari baionarra finalean sartu da munduko errekorra hautsita

Richard Oribe igerilaria estilo libreko 50 metro finalean izango da domina baten bila (21:46). Espainiako saskibaloi selekzioarekin bigarren partida irabazi du Asier Garciak, Hegoafrikaren aurka (74-50). Rubio arku tiralaria final zortzirenetan ari da 18:30ak geroztik. 

2012ko abuztuaren 31
18:50
Entzun

Perle Bouge arraunlari baionarra finalean sartu da munduko errekorra hautsita. Stephane Tardieu bikotekidearekin 4 minututan ezarri du marka berria. Baionako Avironeko atletak sekulako estropada egin du gaur Londresen. Finala, hilaren 2an jokatuko dute. 

Richard Oribe igerilariak gaur ekin die Paralinpiar Jokoei. Donostiarra estilo libreko 50 metrokoan lehiatu da goizean eta finalera sailkatzea lortu du. aldeko hirugarrena izan da, 39.08 segunduko denborarekin —lehenengotik 0.32ra—Hala, iluntzean finalean izango da domina baten bila (21:46). Seigarren jokoak ditu Oribek, eta hamalau domina lortu ditu orain arte. Gaurko probaz gain, beste bitan ere lehiatuko da igerilari donostiarra: estilo libreko 100 metro eta 200 metrokoetan.

Mari Carmen Rubio arku tiralariak atzo ekin zion lehiari baina ez zen oso fin aritu. Sailkatze proban hamabi parte hartzaile ziren, eta bederatzigarren sailkatu zen iruindarra, 637 punturekin. Orain, final-zortzirenetan lehiatuko dira sailkapeneko azken zortziak. Rubio Pippa Britton britainiarraren aurka ari da 18:30ak geroztik, final-laurdenetara igarotzeko asmoz. Aurrera eginez gero, igandean lehiatuko da, finalerdietan sailkatzeko.

Bestalde, Espainiako saskibaloi selekzioarekin irabazi egin ditu lehendabiziko bi partidak Asier Garcia getxoztarrak. Gaur 74-50 nagusitu da Hegoafrikaren kontra. Bi partidak bereganatuta A multzoko lehena sailkatu da Espainia.  Italiaren kontra 67-40 nagusitu zen atzo Espainiako Selekzioa, eta Garcia oso ondo aritu zen. Hegal pibotak hamabi puntu, lau errebote eta asistentzia bat lortu zituen. 

Laura Garciak jokatutako bi lehiak galduta amaitu ditu jokoak

Atzo, espero baino lehen esan zien agur Laura Garcia judokak Londresko Paralinpiar Jokoei, jokatu zituen bi kanporaketak galdu ondoren. Nafarrak Julia Halinska ukrainarraren aurka galdu zuen final-laurdenetan, 48 kilo artekoen mailan. Aurkariak yuko bat lortu zuen lehenik, eta ippon bati esker amaitu zuen lehia gero. Hala ere, porrot egin zuten lau judokek beste aukera izan zutenbrontzea lortzeko lehian jarraitzeko.

Judoka nafarra Victoria Potakova errusiarraren aurka aritu zen, baina galdu egin zuen bigarren aukera ere. Potakovak waza-ari bat lortu zuen, eta horrekin nahikoa izan zuen lehia irabazteko. Hortaz, dominen lehiatik kanpo geratu zen Garcia. Gerora, haren bi aurkariek, Halinskak eta Potakovak, brontzezko domina eskuratu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.