Perurenak beste urrats bat egin nahi du marken bidean

Leitzar gazteak 215 kiloko zilindroa jaso nahi du gaur esku bakarrez

DONOSTIA
2005eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Inaxio Perurena gazteak (21 urte egin zituen urtarrilaren 10ean) esku bakarrez jardungo du berriro, eta 215eko zilindroa leporatzeko ahalegina egingo du gaur, Aramaion (Araba), Urrezko Aizkolarien Lehiaketako jaialdian. Ibarrako udal pilotalekuan egingo du marka saioa, eta bost kilotan ondu nahi du iazko ekainaren 6an berak ezarritako marka. Gainera, ondu egingo luke Aimar Irigoienen marka. Izan ere, errezildarrak 213koa bizkarreratu zuen joan zen otsailaren 26an, Azpeitian. Irigoienek 19 urte zituela lortu zuen 213koa jasotzea.

Perurenak sarritan aipatu izan du bere bideari jarraitu nahi diola darabilen harriari kiloak erantsi eta markak ontzen, Jakina, markak ontzeko helburua du, bide horri ekin baitzion, txapelketak albora utzita. Oraingoan bost kilo gehiago bizkarreratu nahi ditu, eta horrela jarraitzeko asmoa duela nabarmendu du.Nafarrak hasieratik hautatu zuen harri zilindroa, besteak beste, aita Iñakik ere harekin jardun zuelako, eta baita 265 kilokoa jaso ere. Zilindroa erabiltzea koadroa baino zailxeagoa gerta daiteke, baina neurria hartua dionez Iñaxiok, horrela jarraituko du.2002ko abenduaren 22an jaso zuen 205ekoa esku bakarrez, Arrasaten. Bi eskuez, berriz, 275 kiloko harria du jasoa. Gaurko markari begira, prestaketan ez duela arazo berezirik izan esan du. Nolanahi ere, noizbait gertatu izan zaio plazara atera marka egiteko asmoarekin, eta lortu gabe geratzea. Izan ere, ez dago proban bere ahalmen fisikoa eta teknikoa soilik, beste arlo batzuk ere aintzat hartu behar dira.Orain dela bi urte, esate baterako, gorabeherak izan zituen txalekoarekin, eta dena eduki behar du kontrolpean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.