Itzuli handietan betiko marka onena ondu zuen atzo Petacchik bere laugarren etapa garaipenarekin. 10 etapa lortu ditu Giroa eta Tourrean. Bernard Hinaultek zuen errekorra, bederatzi garaipenekin. Garaipenaz hauxe esan zuen italiarrak: «Ez da telebistan ikusi bezain erraza izan. Oso atzeratuta nengoen azken kilometroan eta Nicola Loda taldekideak lan bikaina egin du ni tropelburura eramateko». Petacchik ez daki zer egingo duen Alpeetako etapak jokatu aitzin. Batere garrantzirik ez zion eman maillot berdeari: «Ez dakit Pariseraino iritsiko naizen edo ez, alferrikakoa da sailkapen horren lidergoari eusten saiatuko naizen edo ez pentsatzea».
Unzue: «Selekzio serioa egingo da La Ramazen»
ibanesto.com taldeko Eusebio Unzue kirol zuzendariaren iritziz, Alpeetako lehen etapak espero baino eragin handiagoa izango du. «La Ramaz igoera pikoa da. Dauphine-Liberen igo genuen eta Mayo, Armstrong eta Mancebo bakarrik helmugaratun ziren. Atzetik, tropela txiki-txiki eginda helmugaratu zen». Nafarraren hitzetan, «ihesaldi ahaleginak egongo dira hasieratik eta horrek asko bizituko du erritmoa. 236 kilometro dira eta erne helmugako aldeekin».
Kelmeko Vicente Belda Unzueren iritzi berekoa zen: «Oilarrak mugituko dira. Atzerapena dutenak, batik bat». Zuhurtzia handiagoarekin mintzatu zen Julian Gorospe, Euskaltel-Euskadikoa: «Denek esaten digute bihar Iban Mayoren eguna izango dela, baina Mayo bezain edo indartsuago dauden txirrindulari on asko dago tropelean. Lan ona egiten saiatuko gara».
FRANTZIAKO TOURRA
Petacchi: «Ez da telebistan ikusi bezain erraza izan»
Nicola Loda taldekidearen laguntza eskertu zuen Fassa Bortolokoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu