Ez dago puntako esprinter askorik 2011ko Kataluniako Voltan. Mailaketa egiten hasita, Alessandro Petacchi (Lanpre) bakarrik ageri da goiko muturrean; Jose Joaquin Rojas (Movistar) eta Manuel Cardoso (RadioShack) ageri dira gero; eta Aitor Galdos (Caja Rural), Jan Bakelants (Omega Pharma-Lotto) eta Davide Apollonio (Sky) azkenik. Begira hasita, ez dago askoz gehiago. Klasikozaleren bat edo beste bai; talde txikietako esprintetan ondo moldatzen den txirrindulariren bat ere bai. Baina atzokoaren gisako esprinter argietan nabarmen geratzen da batzuen eta besteen arteko aldea.
Bigarren etapa izan zuen atzo Kataluniako Voltak, eta, behin eguneko ihesaldia ezerezean utzita, Petacchi nagusitu zen Banyoleseko helmugan. Estu hartu zuen Rojasek, zentimetro gutxiren tartea egon zen bi gurpilen artean. Baina Tirreno Adriatikoko Voltako lehen etapako bigarren postuen eta arazo fisikoen ondoren, lasaitu ederra hartu zuen atzo italiarrak. «Oso gaizki ekin nion denboraldiari, eta oso gustura nago garaipenarekin». Harrigarria bada ere, atzo lortu zuen sasoi honetako lehen garaipena. Atzoko etapa esprintean amaitu zenez, Gatis Smukulis letoniarrak (Highroad) eroso eutsi zion liderraren maillotari. 28 segundora dauka Petacchi bera.
Ruben Perezentzat saria
Voltako lehen etapan huts egin zuten esprinterren taldeek, eta atzo, une oro, kontrolpean izan zuten ihesaldia. Ruben Perez (Euskaltel-Euskadi), Jose Benitez (Andalucia-Caja Granada), David de la Cruz (Caja Rural), Marek Rutkiewicz (Polsat) eta Jan Tratatnik (Quick Step) sartu ziren ihesaldi horretan, laugarren kilometroan —Tratatnik aurrekoei segitu ezinda geratu zen, ordea—. Aldea ezin izan zuten puztu sei minutuko langatik gora.
Lamprek eta Movistarrek gogotik lan egin zuten tropelean, eta, azkenerako, helmugara iristeko hemezortzi kilometro falta zirenean harrapatu zituzten aurreko laurak. Hori bai, Ruben Perezek atera zion etekina ihesaldiari, bera baita tarteko helmugetako liderra. Vall d'en Bas eta Vallnord (Andorra) artean, etapa gogorra izango dute gaur, lehen mailako hiru mendate izango dituztelako tartean. Etapa maila bereziko mendatean amaituko da.
Bestalde, Emanuele Sella (Androni) da Coppi&Bartali Asteko lehen liderra. Goizeko saioan, 81 kilometroko etapan, Manuel Belletti (Colnago) izan zen azkarrena. Arratsaldean, berriz, Androni taldeak irabazi zuen 15,6 kilometroko erlojupekoa.
Petacchi, zein bestela?
Alessandro Petacchik irabazi du Kataluniako Voltako bigarren etapa, Banyolesen, taldearen lan ona hobeto amaituta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu