Etapa luzea izan da gaurkoa (230 kilometro); hain zuzen ere, bihar Lyon eta Morzine batuko dituenaren atzetik aurtengo Tourreko luzeena —500 metro gehiago izango ditu biharkoak—.
Luzea izateaz gain, mugitua izan da, hainbat karrerista eta talde saiatu baitira ihesaldien bidez garaipenaren bila.
Credit Agricol taldeko Stephane Auge izan da lehen ihesaldiko burua. 5. kilometroan alde egin dio tropelari, eta beste zazpi txirrindulari berehala abiatu dira haren bila. 24. kilometro arte ihes eginda joan da zortzi laguneko talde hori. Une horretan, ordea, tropelak harrapatu egin ditu.
Handik kilometro gutxira etorri da bigarren ihesaldi saioa: 30. kilometroan. Gainera, euskaldun bat, Euskaltel-Euskadiko Unai Etxebarria izan du protagonista. Credit Agricoleko thor Hushovdekin batera salto egin du tropeletik eta lasterketaren buruan izan dira hamar bat minutuz. Tropelak, ordea, ez die aurrera egiteko aukerarik eman.
Nolanahi ere, gaurko etapako benetako ihesaldia 35. kilometroa baino lehen heldu da: Credit Agricole taldeko Stuart o'Grady australiarra eta Brioches la BoulangerekoAnthony Geslinek tropeletik salto egin dute, eta, azkar batean,abantaila handia lortu dute. Zehazki, 82. kilometroan izan dute alderik handiena: 18 minutu eta bost segundukoa. Hortik aurrera, pixkanaka-pixkanaka tropela hurbildu egin zaie, azkenean, helmugarako 500 metro falta zirela, harrapatu dituzten arte.
Beraz, esprintean erabaki da etapa, eta bezperan bezalaxe, Fassa Bortoloko Alessandro Petacchi nagusitu da. Horrenbestez, laugarren garaipena eskuratu du txirrindulari italiarrak.
Peña lider
Halaber, US Postal taldeko Victor Hugo Peña kolonbiarrak jarraitzen du sailkapen nagusiko lider, Petacchiren denbora berarekin sartu baita helmugara. ONCE-Eroskiko Mikel Pradera eta Joseba Beloki euskaldunak leku onean sailkatu dira gaurko etapan, 13. eta 14. izan dira hurrenez hurren, irabazlearen denbora berarekin.
Frantziako Tourra
Petacchik esprintean irabazi arren, O'Grady eta Geslin izan dira protagonistak
Atzo bezala, Fassa Bartolo taldeko Alessandro Petacchi italiarrak irabazi du gaurko etapa; atzo, bezala, esprintean eta erraz. Baina Neversen hasi eta Lyonen amaitu den gaurko lasterraldiak beste bi izan ditu protagonista: 195 kilometro bakarrik, ihesean, egin dituzten Credit Agricole taldeko Stuart O'Grady australiarra eta Brioches la Boulangere taldeko Anthony Geslin. Helmugarako 500 metro falta zirela harrapatu ditu tropelak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu