Behin baino gehiagotan gertatu izan da futbolean hamar lagunek 11ri irabaztea, azken horiek abantailarekin nola jokatu jakin izan ez dutelako. Bada, futbolean bakarrik ez, pilotan ere gertatzen da antzerakorik. Atzo bertan, esaterako, Iruñeko Labriten. Partida 17na berdin zegoela, zaintiratua izan zuen Ruizek eskuin hankako izterrean, eta herrenka amaitu zuen partida. Xalak eta Barriolak, ordea, ez zuten ongi baliatu aurkariaren ezina, eta garaipenetik tanto bakar batera geratu ziren. Bengoetxea VI.a, berriz, azeri lanetan aritu zen, han eta hemen tantoa nondik egingo. Eta lortu zuen, bai, ez zegoen lekutik ere petrolioa atera zuen leitzarrak.
Petrolioa, irabaztea ezinezko zutela ematen baitzuen; partida hasieran ere dirua oso garbi irten baitzen Aspekoen alde. Eta, aldi berean, finalerdietako ligaxka jokatzeko txartelaren zati handi bat ere atera zuten petrolioarekin batera Asegarcekoek. Izan ere, lau norgehiagoka irabazita hirugarren postuan dira, eta tanto alde onarekin, gainera. Aspekoak, hori bai, bigarren daude, eta, okerrik ezean, ligaxkan izango dira.
Iruñean bildu ziren pilotazaleek gozatu ederra hartu zuten atzo, lau protagonistek emandako ikuskizunarekin. Txapelketako neurketarik onena jokatu zuten, denetarik izan baitzen: gogortasuna, emozioa, kalitatea, oreka... Partida hasiera ez zen hain ona izan, egindakoak baino gehiago izan baitziren galdutako pilotak. Hala ere, barkatzekoa da, sekulako erritmoan jokatu baitzuten. Gehienez ere hiru tantoko aldea lortzen zuen bikote bakoitzak, markagailuan ihes egin ezinda aritu ziren.
Ildo horretatik joan zen neurketa, eta nabarmentzekoa da bi atzelarien lana. Sendotasun handia erakutsi zuten biek ala biek, eta euren aurrelariei aukerak sortu zizkien. Egia da, hala ere, Barriola ez dagoela bere onenean. Abiadura gutxirekin irteten zaio pilota eskuin eskutik, baina dohain asko dauzka leitzarrak, eta apenas egiten duen oparirik. Xalak eta Bengoetxea VI.ak, berriz, hamarna tanto egin zituzten aurrean, batzuk oso-oso onak. Galdu ere dezente egin zuten, ordea.
Bukaerara ongi heldu ziren bi bikoteak fisikoki, baina Ruizen lesioaren ondorioz, nagusi ziren piloteoan Aspekoak. Bengoetxea VI.arik onena, baina, orduantxe azaldu zen. Hiru tanto jarraian egin, eta aho zabalik utzi zuen pilotalekua. Haren dejadek eta efektoek emaitza bikaina eman zioten. Ezin hobea.
Hala ere, guztia ez zen zoragarria izan, Xalaren eta Barriolaren pilota bat oso baitzen itsusia eta bote handikoa. Frontoiak bi metro luzatzea al da irtenbidea?
Petrolioa atereaz
Bengoetxeak eta Ruizek kasta atera eta ezustean laugarren puntua egin dute, txapelketako partidarik onenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu