IGERIKETA

Phelps inoizko olinpiar kirolari onena, 19 dominarekin

Zilarra lortu zuen 200 metro tximeletan eta urrea 4x200 metroko txandakako proban. Larisa Latininaren errekorra hautsi du.

Berria.info
2012ko uztailaren 31
09:40
Entzun

Historiako olinpiar kirolari onena da Michael Phelps, 19 dominarekin. Baltimore-eko marrazoak  zilarra lortu zuen 200 metro tximeletan eta urrea 4x200 metroko txandakako proban. Horrela, atzean utzi du Larisa Latinina errusiarraren 18 dominako marka. 

Tximeleta estiloko 200 metroan aukera ona zuen Londresen urreren bat irabazteko, baina ez zuen lan ona errematatzen jakin. Nagusi izan zen hiru luze eta erdian, baina azken itzuliko azken erdian gainera etorri zitzaion Chad Le Clos hegoafrikarra. Estatubatuarrari aukera bakarra geratzen zitzaion behingoz lehen urrea lortzeko Londresen, eta 4 x 200 metroko txandakakoan iritsi zen. Uste baino erosoago, gainera, Yannick Agnelek gidatutako Frantziak ez zuelako urrea lapurtzeko batere aukerarik izan. AEBko selekzioko hiru taldekideek hiru segundoko errenta ederra oparitu zioten Phelpsi; Frantziako eta Txinako selekzioen aurretik. 

Londreskoak hirugarren Olinpiar Jokoak dira Phelpsentzat; azkenak, berak horrela aitortuta. 2008an, Pekinen 8 urre batu zituen, eta 2004ean, Atenasen, 6 urre eta bi brontze. Aurten, zilarrezko bi domina — 4x100 txandakakoan eta 200 metro tximeleta estiloan— eta urre bat —4x200 txandakakoan— zintzilikatu ditu ditu lepotik; oraingoz. Izan ere, jarritako marka hobetzeko beste hiru aukera ditu oraindik Phelpsek, hiru proba gehiagotan lehiatuko baita.

Emakuezkoetan, Allison Schitt eta Ye Shiwen maisu

Eguneko beste bi finalen artean, Allison Schmitten garaipena izan zen azpimarragarriena; Camille Mufatt eta Missy Franklinen aurretik. 200 metroko estilo librean lortu zuen urrea estatubatuarrak, eta olinpiar errekorra hobetuta. Mufatt, zilarrarekin konformatu behar izan zen, eta Franklin gaztea dominarik gabe, laugarren postuan.

Hirugarren finala emakumezkoen 200 metro estiloetakoa izan zen, eta denen ahotan, igerilekuko harmailak hankaz gora jarri dituen artista: Ye Shiwen txinatar gaztea. Bigarren urrea irabazi zuen Ye-k, eta berriro maisutasun handiarekin. Hainbestean tximeletako 50 metroetan. Hobeto bizkar estiloan, bigarren jartzeko. Coutts australiarra zen buru, eta bularka ere sufritzen jakin zuen, azken itzulia lidergoarengandik 0.31ra hasteko. Estilo librean txikitu egin zituen aurkari guztiak, erraztasun handiz, eta eroso nagusitu, 58 ehuneneko distantziarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.