Philippe Montanier eta Jose Luis Mendilibar bat datoz gaurko derbiaren analisia egiteko orduan. Biek ala biek «oso partida zaila» espero dute. «Osasunak 25 puntu ditu, bosgarren postuan da sailkapenean, eta hori guztia zelaian irabazi du. Oso partida zaila izango da. Osasunaren guztiak arduratzen nau. Oreka ona du defentsan. Datuak argigarriak dira: Bartzelonaren eta Real Madrilen aurka jokatutako partidak kenduta, hamahiru gol besterik ez diote sartu hamalau partidatan. Gainera, arriskutsua da kontraerasoan eta geldikako jokaldietan. Neurketa hau erronka ona da guretzat», esan zuen atzo Realeko entrenatzaileak.
Montanierrek taldeko jokalari onenak zelairatu zituen joan zen asteazkenean, Espainiako Kopako partidan. Mendilibarrek, aldiz, atseden eman zien hasieratik jokatu ohi duten jokalari askori; Andres Fernandezi, Flañori, Satrustegiri, Puñali, Ninori, Ibrahimari eta Lamahi, hain zuzen ere. Beraz, litekeena da Osasuna freskoago egotea. Realeko entrenatzaileak, hala ere, ez zion garrantzi handirik eman horri. «Ez dakit eragina izango duen edo ez. Partida amaituta ikusiko da. Guk irabazi egin nahi dugu, sailkapenean gora egiteko eta gure zaleei poz bat emateko».
Mendilibarrek ere espero du «partida zaila» izatea, «zaila eta polita». «Aurkari zuzena da zentzu guztietan, eta goraka doa. Bi taldeak ondo iritsi gara derbira, bolada onean, eta bi taldeetako zaleak irrikaz dira neurketaz gozatzeko».
Osasunako entrenatzailearen arabera, Reala «oso ondo» dago, jokalariak «irabazle» sentitzen direlako eta zelaian «gozatzen» ari direlako. «Hori garrantzitsua da», zehaztu zuen. Bere taldeari dagokionez, Mendilibarrek azpimarratu zuen «betiko jokoa» egin nahi dutela Anoetan. Hori bai, ohartarazi zuen «adi-adi eta oso ondo kokatuta» egon beharko dutela zelaian.
Philippe Montanier: «Osasunaren guztiak arduratzen nau»
Jose Luis Mendilibarrek nabarmendu du Reala zein Osasuna «bolada onean» daudela eta «aurkari zuzenak» direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu