Gaur izan da Espainiako Vueltako bigarren etapa. Atzo Primoz Roglicek irabazi zuen, baina gaur Jasper Philipsenek (Alpecin-Fenix) lortu du garaipena. Santo Domingo de Guzmanen (Espainia) hasi da etapa, eta txirrindulariek 166,7 kilometro egin dituzte Burgoseraino. Esprint bat egiteko aukera ere izan dute, eta hor eduki du gainsaria hartzeko aukera Alex Aranburu (Astana) euskal herritarrak: bi segundoko aldea hartuta, lau segundora du orain Primoz Roglic liderra.
Fabio Jakobsenek (Deceuninck-Quick Step) lortu du bigarren postua, eta Michael Matthews (BikeExchange) hirugarren geratu da.
Bihar, berriz, eskalatzaileen txanda izango da, Picon Blanco Lehen Mailako mendatean amaituko baita hirugarren etapa: 7,6 kilometroko igoera da, eta batez beste %9,3ko pendiza du. Hori gutxi balitz, haren magalera iristeko, ziklistek ia 200 kilometro pilatuko dituzte hanketan.