Philipsenek irabazi du Tourreko laugarren etapa

2023ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
TXIRRINDULARITZA. Jasper Philipsen (Alpecin) nagusitu zen berriro atzo Frantziako Tourrean, laugarren etapan, Nogaron (Okzitania). Bigarren egunez jarraian, hura izan zen azkarrena esprintean. Caleb Ewan (Lotto) eta Phil Bauhaus (Bahrain) sailkatu ziren haren atzetik. Sailkapen nagusian ez zen aldaketa aipagarririk egon, eta Adam Yatesek (UAE) eutsi egin zion lidergoari. Etapak ezer gutxirako eman zuen, tropelak lasai hartu baitzuen bere egitekoa kilometro askoan.

Bestelakoa espero da gaur, bosgarren etapan, Pirinioetako aurrenekoan. Tourra Euskal Herritik igaroko da berriro. 33 kilometroko barnealdia egingo du Zuberoan. Etapa Pauen hasiko da, eta Larunsen amaituko (Okzitania). Hiru mendate igoko dituzte: Soudet mailaz kanpokoa (15,1 kilometroko luzera, eta %7,2ko batez besteko pendiza), Ichere Hirugarren Mailakoa (4,2 km. eta %7) eta Marie Blanque Lehen Mailakoa (7,7 km. eta %8,6). Azken mendate horren tontorretik helmugara 18,5 kilometro besterik ez daude. Lehia espero da.

Italiako Giroan, berriz, Antonia Niedermaierrek (Canyon) irabazi zuen bosgarren etapa. Annemiek van Vleuten (Movistar) bigarren izan zen, eta lidergoan sendotu zen. 2.07 ateratzen dio Niedermaierri. Ane Santesteban (Jayco) bederatzigarren postuan dago, 4.55era.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.