Leonardo Piepolik irabazi du gaur arratsaldean Frantziako Tourreko hamargarren etapa: Paue-Hautacam (156 kilometro). Saunier Duvaleko taldekide Juanjo Coboren aurretik sartu da Hautacamgo helmugan. Hirugarren, 27 segundora, Frank Schleck (CSCkoa) sartu da.
Kim Kirchenek lider izateari utzi dio, eta Cadel Evansentzat izango da elastiko horia. Silence-Lottoko txirrindularia Piepolirengandik 2,17 segundora sartu da, taldetxo batean. Kirchen, ordea, atzerago zihoan beste talde batean helmugaratu da. Sailkapen nagusian, Evansen atzetik, Schleck jarri da, segundo batera, eta Christian Vandevelde ageri da hirugarren, 38 segundora.
Piepolik Cobo taldekidea izan du ihesaldiko kide azken kilometroetan, kategoria berezia duen Hautacam portuko maldetan goiti. Ikusgarriak izan dira mendiko etapa nagusiaren azken kilometroak, txirrindulariek Tourmalet gainditu eta gero bereziki.
Kirchenek nagusitasunari ezin eutsirik geratu den bitartean, Cadel Evans, Denis Mentxov, Carlos Sastre eta Riccardo Riccok ondo eraman dute hamaika ihesaldik ezarritako erritmo bizia.
Bihar atseden eguna izango dute, itzuliko aurrena. Etzi, 11. etapa: Lannemezan-Foix (167,5 kilometro), Okzitaniako lurretan oraindik ere. Hirugarren mailako bi mendate izango dituzte eta lehen mailako bat (Portel, 110. kilometroan).
Hilaren 27an bukatuko da itzulia.
Txirrindularitza
Piepolik irabazi du Tourreko hamargarren etapa
Saunier Duvaleko taldekide Coborekin helmugaratu da, mendiko etapa nagusian. Ondoren Schleck sartu da. Kirchenek elastiko horia galdu du, Evansen mesedetan. Bihar atseden eguna izango dute txirrindulariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu