EPELen Buruz Buruko Txapelketa azken txanpan dago jada, eta enpresen ligako buruek zehaztu dute dagoeneko non eta noiz jokatuko diren finalerdiak. Asegarcek iragan larunbatean eman zuen ezagutzera Olaizola II.ak eta Gonzalezek heldu den larunbatean Labriten jokatuko dutela. Bigarren finalerdiaren berri, berriz, atzo eman zuen. Martinez Irujok eta Belokik Donostiako Atanon jokatuko dute, maiatzaren 21ean, igandea.
Egunotan EPELeko buruak Donostiako Udalarekin negoziatzen ari dira, finala bertan jokatuko den erabakitzeko. Negoziaketa testuinguru horretan, bigarren finalerdia Gasteizen joka zitekeela zabaldu zen. Azkenean, ordea, enpresetako buruek ez dute horrelako erabakirik hartu, eta Irujok bigarrenez jokatuko du Atanon. Finalerdia Donostian izango den arren, finala non jokatuko den erabakitzeke dago oraindik, enpresak eta Udala ez baitira akordio batera iritsi. Ildo berean, Asegarcek atzo zehaztu zuen lehen finalerdiko sarreren salneurria. Kantxako eta lehen solairuko sarrerek 70 euro balioko dute. Bigarren finalerdian prezioak antzekoak izango dira.
Bigarren Mailakoaren finalerdiak erabakita daude
Lehen Mailakoan bezala, Bigarren Mailako Buruz Burukoaren finalerdiak zehaztuta daude dagoeneko. Asegarceko multzoan, gauza jakina zen finala Julen Retegik eta Iker Arretxek jokatu zutela, eta enpresak zehaztu du partidaren data. Asegarcek ondo daki Buruz Buruko bi txapeldun ohien semeak elkarren aurka jokatzeak ikusmin handia sortuko duela eta Labrit hautatu du partida horretarako. Arretxek eta Retegik maiatzaren 20an jokatuko dute, eta telebistak zuzenean emango du norgehiagoka.
Aspeko multzoko finala zeintzuk jokatuko duten, berriz, asteburu honetan erabaki da. Asier Berasaluzek eta Xabier Galarzak Bigarren Mailako finalerako txartela izango dute jokoan. Lemoako atzelaria atzo sailkatu zen multzoko finalerako, Tolosan Thierry Arizmendiri irabazi ostean (22-14). Buruz buruko partidetan zailduagoa egon arren, Galarzak lan asko egin behar izan zuen Donamartirikoari irabazteko.
Arizmendik oso ondo ekin zion partidari, eta erdi aldera aurretik jarri zen (11-13). Bigarren zatian, ordea, Galarza piloteoan agintzen hasi zen. Arizmendi urduritu egin zen, eta zulo asko utzi zituen defentsan. Galarzak zulo horiek baliatu zituen, eta sei dejadekin erabaki zuen lehia. Asier Berasaluzek, berriz, herenegunlortu zuen finalerdietarako txartela. Berrizko aurrelariak ez zuen inolako arazorik izan Aritz Laskurain kanporatzeko (22-4). Berasaluzek 14 tanto egin zituen sakearekin. Enpresa bakoitzeko multzoetako irabazleek hilaren 27an jokatuko dute elkarren aurka.
PILOTA. Bigarren finalerdia, Donostian
Atanon jokatuko dute Irujok eta Belokik Buruz Burukoaren bigarren finalerdia maiatzaren 21ean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu