Asier Olaizolak beti dio anaia gaztea pilotari jaio zela. Berezko instintua duela, xake jokalariarena. Atanon burmuinaren eta bihotzaren arteko lehia ikusi zen, eta harmailek taupadak indartzen bazituzten ere, zentzuak adore eroa irentsi zuen. Irujok izan zuen aukera, baina Olaizolaren zepoan jausi zen. Kaiolan sartzen du ehiztariak harrapakina, nekatu eta ernegatu dadin, eta horregatik da lau t'erdian errege Olaizola. Atzokoa laugarren txapela zuen, eta dagoeneko berdindu du Julian Retegiren marka.
Irujok ez zuen bere eguna izan, baina Olaizolak ere ez zion izaten utzi. Ogetako partidan ikasi zuen erritmo bizia ez zitzaiola komeni, eta behin eta berriz gelditu zuen partida. Pilota luze probatu, ur tragotxoa jo, aholkua entzun, min hartu eta aldagelara... Ez zuen nahi Irujok eroso jokatu zezan, ez zezala bere erasoko joko bolada ikaragarri horietako batean irentsi, eta bete betean lortu zuen, huts andana eraginez.
Iberokoak presaka jokatu zuen. Zentzu eta zehaztasunik gabe. Olaizolaren dohaina ez zitzaion inondik ageri, eta kareletik bota zuen finala. Sei tanto jaso zituen saketik, lau lehen bost tantoetan, eta hamar huts egin zituen jokoan. Gehienak erasoan. Sei gehi hamar, hamasei, partidaren hiru laurdenak. Opari gehiegi. Olaizolak sei tanto baino ez zituen egin jokoan, eta bat bakarra airez. Botera lorturikoakparetan luze jotakoak izan ziren, Irujoren pilotakadaeta erabaki txarren ondoren. Goizuetakoak hasi bezain laster ikusi zuen ez zuela arriskatu behar, aukera egokia itxarotea zen bidea.
Lehen uzta, saketik
Txapeldunak espero ez zuen tanto sorta lortu zuen hasieran. Irujok oso urduri ekin zion partidari eta Olaizolak 5-0eko aldea ireki zuen sakeari esker. Aurreneko tantoa Irujoren pasa izan zen, eta hurrengo laurak saketik zuzenean lorturikoak. Goizuetakoak ez zuen arriskatzeko asmorik, eta hasierako altxor garrantzitsuak bere asmoa sakondu zuen.
Irujo, baina, iraultza da. Gaizki hasiagatik ez zuen aldatu behar. Botilleroak serio jokatzeko agindu eta ondo bete zuen esandakoa. Pilotan Olaizola baino gehiago da, eta zentzuz jokatu zuenean aurretik jarri zen (5-7). Zazpi tanto egin zituen jarraian, zazpi tanto motz eta luze aldi berean, Olaizolak asko luzatu zuelako tanto arteko tartea. Irujoren unerik onenak izan ziren, tanto bikainak lortuz. Politena, azkena, zabaletik txokoan jotako dejada goxoa. Harmailak erotzear zeuden, eta euren kuttuna hazita.
Dejadaren tantoan Olaizolak bere burua lurrera bota zuen, eta ezker eskuko hatz txikia pitzatu zuen. Aldageletarako bidea hartu zuen, benda estua jarri eta jarraitzeko. Era berean erritmoa eten zuen, iraultza baretuz. Irujok kexu zitzaion epaileari, baina etenak bazuen zergatia. Olaizolak partida hoztea lortu zuen, eta Irujok iparra galdu zuen hurrengo tantoan. Piloteo nahasian aukerako pilota lortu, eta dejada harroa jo zuen. Olaizola erraz iritsi eta buruz gain pasa zuen (7-6).
Sakearekin pilota motela atera zuen Olaizolak. Bere gustukoa, kantxa gainean baltsa dantzatzen uzten diona. Oso ondo sakatu zuen, baztertuz, eta botera jokatu zuen piloteoan. Bi tanto lortu zituen saketik eta Irujok zabalera botariko hormabikoak Olaizolaren tartea ireki zuen (11-7). Iberokoa ernegatzen hasia zen, baina oraindik ez zen erre. Kolpez gehiago zen, eta aukerako pilota baliatu zuenean hala erakutsi zuen. Tantoan agindu eta bolea zehatza joz sakea bere egin zuen(11-8).
Irujoren bekaturik larriena sakea ez baliatzea izan zen. Presaka jokatu zuen, airez, eta bere burua behin baino gehiagotan saldu zuen. Sakea eduki arren, ia tanto guztietan hartu zuen erabaki txarren bat, eta Olaizolak ondo baliatu zituen guztiak. 12-8koan Iberokoak hormabikoa jo zuen saketik, Olaizola zabalera iritsi zen baina, eta paretan pozoituriko errestoarekin lortu zuen tantoa.
Huts festa
Partidak okerrera egin zuen azken txanpan. Ez zen ikuskizun onik ikusi. Olaizolak ez zuen arriskatu, ikuskizuna ez zitzaiolako komeni.Irujo, berriz, bere sutan kiskali zen. Edo hobe esanda, Olaizolak errearazi zuen. Irujok behin baino gehiagotan lortu zuen sakea, baina beti egin zuen hutsen bat. Olaizola, artean, lasaizegoen, tanto arteko aldea luzatu eta bere kontrarioa apurka nola atsekabetzen zen ikusten.
Sakea berreskuratu ondoren Irujok lau t'erdiko marra pasazuen 14-9koan, eta txapara bidali zuen errematea 15-9koan. Erabaki txarrak, ordea, tanto onekin uztartu zituen, sakeari esker 15-12ra arte hurreratuz. Iberokoak gaizki jokatu zuen, oso, eta hala ere hamazazpi tanto egin zituen. Bazen bai lur jota egoteko modukoa, are gehiago 16-12ko tantoan bezala Olaizolak defentsa lan itzela egiten bazuen. Irujok ez zituen baliatu tantoa egiteko hiru aukera garbi, eta azkenean kontrarioak bueltatu zion kolpea, buruz gain.
Olaizolak Irujoren oinak bilatu zituen piloteoan, boleaz sartu ez eta partida bizitu ez zezan. Hor ere argi txapelduna. 17-13 eta 18-14koan Irujok huts banarekin xahutu zuen sakea mantentzeko aukera. Jendea piztuta zegoen, ia aho batez 'Irujo txapeldun' oihukatuz, baina Olaizola ez zen urduritu. Azken txanpan Irujok azken oldarraldia izan zuen, eta eskura izan zuen partida, bi tantora gerturatu baitzen (19-17). Balentria lor zezakeen, baina besteerabaki txar batek Olaizolaren esku utzi zuen tantoa (20-17). Galtzaileak azken bi tantoetan laburbildu zuen bere lana, bi huts garbi.
Olaizola II.a 22
Martinez Irujo 17
Iraupena. Partidarena 55.33; jokoarena 11.09.
Pilotakadak. 266.
Saketik. Olaizola II.ak 6; Irujok 5.
Lau t'erdiko pasak. Irujok 2.
Jokoan eginikoak. Olaizola II.ak 6; Irujok 8
Hutsak. Olaizolak 4; Irujok 10.
Bestelakoak. EPELen lau t'erdiko txapelketako finala. Donostiako Atano III.a pilotalekuko harmailak goraino bete ziren. Apustuak parean irten ziren, Olaizolaren aldeko joera txikiarekin. Bi pilotariek aldagelara sartu behar izan zuten.
Finaleko gakoak
1Olaizola II.a zain. Goizuetakoak ez zuen erasokor jokatu. Irujoren oinak bilatu zituen piloteoan, hutsak eraginez.2Irujoren hutsak. Iberokoak hamar huts egin zituen, gehienak erasoan. Asko erabaki txarren ondorio izan ziren.
3Erritmo geldoa. Olaizola II.ak maisuki lortu zuenbere gustuko erritmoa jartzea. Partida asko geldiarazi zuen.
«Gurasoentzat eta ospitalean dagoen amonarentzat»
Olaizola II.ak Ogetako hutsak ez errepikatzen saiatu dela aitortu du, eta Irujok epaileenlana gogor kritikatu duI. M. Donostia
«Garrantzitsuena txapela irabaztea zen», partida bukatu berritan Aimar Olaizolak bazekien ez zela partida ona izan. Goizuetakoak zuhur jokatu zuen, eta onartu zuenez finalerdietan galduriko partidako hutsak ez errepikatzen saiatu zen. Irujok, berriz, eginiko lanarekin ez zela batere gustura nabarmendu zuen, eta epaileen lana gogor kritikatu.
Txapeldunak hunkituta eskaini zuen txapela. Ez zuen oso urrun jo gainera. «Txapela gurasoentzat da lehenbizi, aitaren arazo bat dela medio izan dutelako partida bakar bat ere ikusi. Baita ere Oitzeko amonarentzat eta Goizuetako Mirenentzat, biak ospitalean daudelako eta animoak eman nahi dizkiet indartu daitezen». Adierazpenak pitzaturiko hatzari begira egin zituen, mina apurka iristen ari baitzen. «Hatza hautsi dut, punta gora begira nuen eta medikuak berriz ere sartu dit. Oraindik ez dut minik, baina iritsiko da. Halere ziur txapelak gozatuko didala ».
Partida aztertzen jarrita, txapeldunak Irujok bere erritmoa jar ez zezan saiatu zela onartu zuen, eta bigarren zatian ondo lortu zuela nahia. «Hasieran bera airez saihesten saiatu naiz, baina ez dut lortu. Gero oinetara jo diot, eta ezin izan du bere erritmoa jarri». Era berean ez zuela txapelketako beste partidetan adina arriskatu azaldu zuen ere. Partida gelditzeko saiakeren inguruan jokoaren beraren keriak direla esan zuen. «Tentsio askoko tantoak dira, eta apur bat gelditu beharra dago indarrak berreskuratzeko».
Irujo, aldiz, oso kritiko mintzatu zen. Lehenbizi bere jokoarekin. «Ez nago batere gustura egin dudan lanarekin. Hamar huts egin ditut eta sei tanto jao ditut saketik. Pentsa, nik hamazazpi tanto egin baditut...Halere ez dut aitzakiarik jarri nahi. Olaizola merezimendu osoz da txapeldun».
Olaizolak bere jokoa egin zuela azaldu zuen, eta bera ez zela batere fin ibili errematean. «Gasteizko partidan erremate guztiak sartu zitzaizkidan, txaparen gainean jotzen badute irabazten dut, eta gaur behera joan dira». Azkenean gogor kritikatu zuen kantxaren egoera, eta epaileek Olaizolaren geldialdiekin izandako «eskuzabaltasuna»: «Berak nahi beste geldiarazi dezake partida, baina epaileak dira hori saihestu behar dutenak. Beste batzuetan, aulki bat ostikatzen baduzu, harro asko erakusten dute txartel beltza».