PILOTA. Hernani eta Lemoa ere sailkatu dira finalerdietarako

Apirilaren 2an eta 3an geldituko da zehaztuta BERRIA Txapelketako finala

Erredakzioa
2005eko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Ez zen ezustekorik izan final-laurdenetako azken jardunaldian. Hernani eta Lemoa ziren aurrera egiteko hautagai nagusiak, eta ez zuten kale egin. Elkarren kontra ariko dira Berria Txapelketako finalerdietan apirilaren 2an eta 3an jokatuko dira.



HERNANI 66; AÑORGA 34

Kadeteak: Ezeiza II.a-Grajal 22; Eskudero-Sarasola 6.

Jubenilak: Ezeiza I.a-Gorrotxategi 22; Ojuel-Iraola 12.

Nagusiak: Alvarez-Mendizabal 22; Erroizenea-Jauregi 16.

Orekatua zirudien kanporaketak hasiera batean, baina uste baino lehenago apurtu zen. Sarasola kadeteak pilota asko galdu zuen lehen partidan, eta erraztasun handiegiak eman zizkien Ezeiza-Grajal Gipuzkoako txapeldunei. 16 tantoko errenta lortu zuten hernaniarrek lehen partidan, eta hurrengoan lasai aritzeko beta eman zien horrekGrajal izan zen lehen partidako pilotari onena; 15 urte besterik ez eta sekulako erakustaldia eman zuen.

Bigarren partidan, errentarekin jokatzera irten ziren hernaniarrak. Arriskurik hartu gabe, joko praktikoa eginez, aurrera atera zuten norgehiagoka, eta kanporaketa erabakita utzi. Ojuel añorgarra saiatu zen jokoa aurreko koadroetara ekartzen, baina ez zuen lortu. Gorrotxategi atzelari hernaniarra sasoiko dago, eta berak hartu zuen partidaren gidaritza. Lau pilotarien artean onena izan zen.Hirugarren partidarako erabakita zeuden han erabaki beharrekoak, eta lasai ederrean aritu ziren lau pilotariak. Mendizabalek erakutsi zuen beste guztien gainetik dagoela uneotan Asegarcerekin debutatzekotan dabil eta, Alvarez aurrelari gaztearen laguntzaz, irabazi egin zuten partida (22-16). Añorgakoek egun afizionatu mailan dagoen bikoterik sendoenetakoa osatzen dute, eta haien kontra irabaztea bada lorpena. Hernaniarrei tantoa bukatzea kostatzen zaie askotan, baina eurei tantorik egitea ia ezinezkoa da. Txapelketan jokatu dituzten hiru partidak irabazi dituzte.



LEMOA 54; ILUNPE 45

Kadeteak: Arrese-Gojenola 22; Elustondo-Ieregi 20.
Jubenilak: Galarza-Saenz 10; Larrañaga-Uzkudun 22.
Nagusiak: Erauskin anaiak 22; Beobide-Alkorta 3.

Joan den igandean Urnietan jokatutako kanporaketak irakurketa argia zeukan aldez aurretik: Ilunpek lehen bi partidetan zeuzkan tantoak pilatu beharra, hirugarrenean oso aukera gutxi zituztelako. Helburu horrekin ekin zioten lehiari gipuzkoarrek, baina lemoarrak hasi ziren kadeteetan hobeto. Ieregi azpeitiarra ez zen ondo ari, eta Elustondok hartu zuen erantzukizuna. Buelta eman zion partidari, zazpi tantoz jarri ziren aurretik, irabaziko zutela zirudien, baina ez zen horrelakorik gertatu. Ieregi pilotak galtzen hasi zen berriro, eta bere entrenatzaileak ez zuen asmatu haren jarrera zakarra geldiarazten. Partida bota zuen. Ulertezina. Lemoakoek, beste munduko ezer egin gabe, bi tantoko aldeaz irabazi zuten.

Bigarren partidan, lanerdiak arte eutsi zieten Lemoakoek Azpeitikoei. Titular aritzen den atzelaria falta zitzaien bizkaitarrei, baina kontrarioak ez dira alferrik Gipuzkoako egungo txapeldunak. Hamabi tantoko errenta atera zuten, eta askok oraindik lehen partidan gertatutakoa zuten buruan.Azken partidan, hamar tantoko errenta zuten Ilunpekoek hasi aurretik, baina bazekiten ez zela nahikoa izango Lemoakoei aurre egiteko. Erauskin anaiek, afizionatu mailan ari diren bikoterik sendoenetakoa osatzen dute. Argi zuten euren eginbeharra: Beobide aurrelariaren jokoa saihestu, eta Alkorta atzelaria lehertzen saiatu. Horrela lortu zuten finalerdietarako sailkatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.