Badira iraultzak burrunbaz eta imintzioka egiten direnak, eta badira iraultzak ahopeka eta ezkutuan egiten direnak. Badira iraultzak beti aurrera eginez eta arriskuak hartuz egiten direnak, eta badira iraultzak atzeragotik eta arriskuak neurtuz egiten direnak. Badira iraultzak saketik bi paretakoak eginez gauzatu nahi direnak, eta badira iraultzak errestoa ezker horman gurutzatuz egiten direnak.
Euren jokatzeko modua hori dela eta ez dutela sekula aldatuko esanez egiten dituzte batzuk iraultzak. Txapelketa bakoitza norbere sasoia eta kontrarioaren ahulezia neurtuz egiten dituzte beste batzuk iraultzak. Karta guztiak mahai gainean bapatean eta tenturik gabe ateratzearen alde egiten dute batzuk apustu, eta kartak ongi ezkutatu eta, ahal dela, azken unea arte ez ateratzearen alde egiten dute beste batzuk apustu.
Norberaren aukera da iraultza mota baten edo bestearen alde egitea. Norberaren aukera da iraultzaile bat edo bestea gurtzea. «Irujo!» garrasi eginda egiten dute batzuk baten alde, eta «Aimar!» garraisi eginda erantzuten dute besteek bestearen alde. Horretan ere batzuena ekimena eta besteena erantzuna. Batzuena bi hormak hartuta egindako sakea eta besteena hanketara egindako errestoa.
Batzuentzat beste inor egitera ausartzen ez dena egiteagatik da bat iraultzailea. Beste inork egiten ez duena egiteko gai izateari ematen diote meritua. Beste batzuentzat beste inor egitera ausartzen ez den hori ezerezean uzteko gaitasuna duena da benetako iraultzailea. Beste inork egiten ez duen horri ahulunea topatu eta abantaila hartzeko baliatzen duenari ematen diote meritua.
Ederra paradoxa. Arrisku gehien hartzen duen artista, ikuskizun erabateko eta ezusteko betierekoaren eredua da bere jokoa aldatzeko prest ez dagoena, beti berdin jokatuko duela esaten duena. Eta bitartean, pilotari klasiko eta kontserbadorea, beti ari da aldatu eta aldatu, irauli eta iraultza. Atzo, lau t'erdiko txapela jantzi zuen.
PILOTA. Iraultzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu