II. Berria Txapelketako bi fase ezberdin nahastu dira joan den asteburuan. Ostiralean, final-hamaseirenak kitatuta utzi zituzten. Larunbatean eta igandean, final-zortzirenetako lehen kanporaketak jokatu ziren.
ZARAMAGA 66; IPARRALDE 28
Kadeteak: Berrueta-Alvarado 22; Abeberri-Juillot 1.
Jubenilak: Jauregi-Ladron de Gebara 22; Mousfirats-Perret 11.
Nagusiak: Castillo-Velasco 22; Bessonart-Elissalde 15.
Beste pilota mota batekin aritzen dira nonbait Iparraldeko gaztetxoenak, eta kadeteetan asko nabaritu zen hori, ezinean aritu ziren eta. Oreka gehiago izan zuen jubeniletako partidak Zaramagako Jauregi izan zen onena, eta azken uneko aldaketa batek baldintzatu zuen nagusienaBessonar izan zen lauren artean onena, nahiz eta atzelaria den eta aurrelari moduan aritu zen.
EZKARAI 66; SAN MIGEL 38
Kadeteak: Rico-Merino 22; Fraile-Peñas 19.
Jubenilak: Pirri-Cecilio 22; Maestresalas-De la Cruz 10.
Nagusiak: Gomez-Matute 22; Ianiz II.a-Queralt 9.
Final-zortzirenetako lehen kanporaketaren emaitza ezustekoa izan zen, hein handi batean, San Migelek ez zuelako nagusietan bikote titularrarekin jokatzerik izan. Kadeetakoa izan izen Urnietan ikusitako partidarik onena eta harrigarriena, ordu eta erdiz aritu zirelako lanean lau pilotari gazteak. Kanporaketa, dena dela, jubeniletan erabaki zen. Lizarrako atzelariak, De la Cruzek, huts asko samar egin zituelako. Nagusietan, 15 tantoko aldearekin hasi ziren errioxarrak, eta erabat baldintzatu zuen horrek partida. Zeresana emango duen 20 urteko pilotari bat ikusteko parada izan zen: Gomez.
HUARTE 66; AURRERA 40
Kadeteak: Garralda-Beroiz 22; Sagastibeltza-Madariaga 8.
Jubenilak: Ioldi-Linzoain 22; Iraola-Iriarte 16.
Nagusiak: Borda-Tabar 22; Onsalo-Betelu 16.
Ez zen espero ez zenik gertatu. Final-hamaseirenetan egin zuen bezala, lehen partida lortu zuen Huartek errenta handia eta ederki banatu zuen gero. Aurrerako kadeteek, dena dela, emaitzak adierazten duena baino partida hobea jokatu zuten. Gertatzen dena da Garralda-Beroiz bikotea txapelketan ari den indartsuenetakoa dela. Jubeniletakoa partida ona irten zen, oso maila oneko pilotariak direlako laurak Linzoain izan zen onena. Nagusietan, inolako presiorik gabe jokatzeko aukera izan zuten lau pilotariek 20 tantoko aldea zuten Huartekoek eta ikuskizun polita eskaini zuten.
PILOTA. Kitatu eta hasi
Berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu