Kirola

Pilota nazioartean sustatzeko, Munduko Pilota Batzarra sortu dute

2006ko abenduaren 13a
18:43
Entzun
Euskal pilota mundu zabalean sustatzeko helburua duen erakundea jaio da Bilboko hotel ezagun batean: Munduko Pilota Batzarra. Nazioarteko pilota federazioetako edo euskal etxeetako ordezkariak Bilbon izan dira, erakundearen sorrera bileran.

Txile, AEB, Bolivia, Argentina, Irlanda, Australia, Dominikar Errepublika, Filipinak, Venezuela eta Euskadiko Pilota Federazioak osatzen dute Batzarra. Carlos Lasa Bizkaiko Pilota Federaziko presidentea izango da Munduko Pilota Batzarraren presidentea.

“Pilota ez da lehiaketa bakarrik. Pilota munduan bultzatu behar dugu, eta Munduko Pilota Batzarraren helburua izango da behar den lekuetan azpiegiturak sortzea, laguntza teknikoa eskaintzea, materialak eskaintzea...”, azaldu du Lasak. Era berean, erakunde sortu berria inoren kontra ez dagoela azpimarratu du. Izan ere, Nazioarteko Pilota Federazioaren erakunde paralelotzat uler daiteke Batzarra. “Ni Nazioarteko Federaziokoa banintz pozik egongo nintzateke, gu pilota laguntzeko jaio garelako”. Hala, etorkizunean kide gehiago izateko nahia agertu du.

Jose Ramon Garai Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaria, bere aldetik, pozik agertu da Munduko Pilota Batzarraren sorrerarekin. “Pilotak aurrera egiten badu munduan, orduan eta indartsuagoa izango da Euskal Herrian”, adierazi du. Era berean, elkarte jaio berria euskal selekzioak jokatzeko aitzakia ez dela azpimarratu du. “Munduko Pilota Batzarrak txapelketak antolatuko ditu, baina helburu nagusia ez da hori. Pilota sustatzeko asmoa dago guztiaren gainetik. Pilota bultzatzea ez da euskal selekzioa bultzatzea bakarrik”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.