Pilota

Pilota oso ezberdinak aukeratu dituzte finalerako

Mikel Urrutikoetxea eta Jokin Altuna gustura agertu dira aukeratu dituzten pilotekin. Urrutikoetxearenak biziagoak direla adierazi du Altuna III.ak. Urrutikoetxea da faborito, eta dirua 100 60ri aterako da.

Berria
2017ko azaroaren 16a
17:50
Entzun

Ez da polemikarik izan lau eta erdiko txapelketaren finalerako pilota aukeraketan. Altuna eta Urrutikoetxea finala hartuko duen Bilboko Miribilla pilotalekuan elkartu dira, txapela eskuratzeko komeni zaien materialaren bila, eta biak konforme agertu dira aurkitu dutenarekin.

Altunaren esanetan, Urrutikoetxeak aukeratu dituen pilotak "biziagoak" dira, berak hautatutakoen aldean. Nahi zuen materiala aurkitzea kosta egin zaiola adierazi du, baina azkenean aurkitu du, eta gustura agertu da. Urrutikoetxeari, berriz, politak iruditu zaizkio bereak eta Altunarenak.

Bizkaitarra da finalerako faborito nagusia, eta, ondorioz, dirua haren alde izango da partidaren hasieran. 100 60ri irtengo da dirua. Urrutikoetxea faborito izateak ez du Altuna harritu, eta hala izatea ulertzen duela ziurtatu du.

Urrutikoetxeak min hartu zuen behatzetako batean final laurdenetako ligaxkako azken partidan, eta min hori erabat osatu gabe jokatu zuen finalerdietan. Finalean, behatz bana babestuko du esku bakoitzean.

Altunaren eta Urrutikoetxearen arteko neurketak ikusmin handia piztu duela nabarmendu dute enpresek. Miribilla bete egingo da, eta aurreko finaletan baino azkarrago saldu dira sarrerak, antolatzaileen esanetan. Beste 200 edo 300 sarrera ere salduko liratekeela adierazi dute.

[youtube]https://youtu.be/8oDCdAMon6g[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.