Hautatutako pilotak "politak" direla nabarmendu du Oinatz Bengoetxeak. Bere gustukoak. Mikel Urrutikoetxeak aukeratu dituenei buruz, ordea, badu kexarik pilotari leitzarrak. Bat ontzat jo du. Bertzea, berriz, biziegia dela nabarmendu du. "Ez dut esanen gehiegizkoa dela, baina ez dut uste Labriterako egokia denik", azaldu du. Bengoetxea VI.ak gustuko ez duen pilota hori da, hain zuzen, saskian aurkitu dituen guztien artean Urrutikoetxeak ontzat jo duen bakarra. Ez da gustura gelditu materialarekin. "Pilota bakarra zen ona", erran du. Bertzeak motelegiak zirela erantsi du pilotariak.
Larunbateko finalerdian dena emateko prest agertu dira bi pilotariak. Bengoetxea VI.a ez da Urrutikoetxearekin batere fiatzen. "Asko jotzen du pilota; ni atzean gelditzea izanen du helburu". Ongi dagoela nabarmendu du pilotariak. Izan duela atseden hartzeko eta entrenatzeko aukera, eta ehuneko ehunean dela. Urrutikoetxeak ere sasoiko ikusten du aurkaria. "Badakit partida zaila izango dela, baina aukera polita dut finalerako sailkatzeko, eta horretan ahaleginduko naiz", erran du.