Etapa arriskutsua zuten gaur Euskal Herriko Itzuliko bosgarren egunean (Gueñes-Zalla, 169 kilometro), euriarekin eta zazpi mendaterekin, gogorra egin da etapa, baina azkenean sailkapen nagusiari begira ez da aparteko ezer gertatu.
Hainbat ihesaldi izan dira, eta Marco Pinotti (Team Columbia) baliatu da ondoen, etaparen bukaeran. Hogei bat kilometro falta zirela aldegin du, aurrekoak harrapatu ditu -Vladimir Efimkin eta Alessandro Vanotti-, baita atzean utzi ere Bezi hirugarren mailako mendatean, eta ondo eutsi dio bukaeran, bakarrik zela. Aurtengo lehen garaipena du Pinottik (Italia, 1976). 2003an ere irabazi zuen etapa bat Euskal Herriko Itzulian. Iaz, Italiako Giroko bat, kasu.
Onenen tropela hemeretzi segundora iritsi da, Alberto Contador liderraren talde Astanak kontrolatuta. Contadorrek gertuago dauka, beraz, itzulia -iaz berak irabazi zuen-.
Sailkapen nagusian zortzi segundora daude Cadel Evans, Samuel Sanchez eta Antonio Colon, 27ra Damiano Cunego, 32ra Robert Gesink, 35era Luis Leon Sanchez.
Bihar bukatuko da Itzulia, Zalla-Zalla 24 kilometroko erlojupekoarekin.
Euskal Herriko Itzulia
Pinotti garaile Zallan, eta Contadorrek gertuago du itzulia
Etapa arriskutsua zen arren, ez da ezer gertatu sailkapen nagusiari begira. Bihar bukatuko da proba, 24 kilometroko erlojupekoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu