Kontxako Bandera

Pinporta koloretsu bakan batzuekin

Kontxako Banderako sailkatze estropadetan 44 traineru ariko dira: hogei emakumezkoetan, eta 24 gizonezkoetan. Asteazkenean eta ostegunean ez da ikuslerik egongo; irailaren 5ean eta 12an, berriz, 1.200 zalerentzat lekua egingo dute.

Getaria eta San Juan, joan zen urteko sailkatze estropada amaituta. Aurtengoan ere hutsik izango da antxerria. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko abuztuaren 27a
14:09
Entzun

Normaltasun erabatekotik urrun, baina hartara gerturatu nahian. Aurtengo Kontxako Banderaren garailea zaleen aurrean erabakiko da; ez, ordea, Donostiarra klubaren traineruei lehen bi igandeetan zer ontzi batuko zaizkien erabakiko dituzten estropadak. Gaur egin dute udako banderarik entzutetsuena aurkezteko ekitaldia, Donostian, eta antolatzaileek han azaldu dute hartutako erabakia: sailkatze estropadak zalerik gabe jokatuko dira. Banderarako lehia, aldiz, 1.200 zaleren aurrean. Sarrerak aurrez jarriko dituzte salgai. Horixe da aurtengo berritasun nagusia. Iaz zalerik gabe jokatu ostean, arraunlariek pinporta koloretsuak ikusiko dituzte, bakanak baldin badira ere. Beste urtebetez, jende pilaketarik ez da izango.

Datorren asteazkeneko eta osteguneko sailkatze saioetan, parte hartzaileak eta haien klubetako ordezkariak soilik izango dira kaian. Jardunaldi horiek publikorik gabe egitea onetsi dute. Irailaren 1ean, hogei traineru ariko dira emakumezkoen sailkatze estropadan, Kontxako Banderan leku bat egin nahian. Biharamunean, hilaren 2an, 24 izango dira gizonezkoen traineruak. Maila bakoitzean zazpina traineruk egingo dute aurrera.

Andreetan, hamar ontzik osatutako bi multzo osatuko dituzte asteazkeneko lehiarako. Parte hartzaileen artean, Euskotren ligakoak izango dira hiru: Orio, Hondarribia eta Arraun Lagunak, hirikoa izanagatik lekua bermatzeke baitu. ETE mailakoak izango dira 11: Zumaia, Deustu, Pasai Donibane, Zarautz, Ondarroa. Lutxana, Lapurdi, Isuntza, Tolosaldea eta Hibaika, eta Castro. Galiziako ligak sei ordezkari izango ditu: Cabo, Chapela, Mugardos, Riveira, Perillo eta Tiran. Sailkatze estropadan sekula izan den kopururik handiena da.

Gizonezkoetan, ohiko traineru kopurua ariko da, 24 ontzirekin. Hamabina aterako dira multzo bakoitzean. Hautagai nagusia Eusko Label ligako 11 ontzik —Donostiarra ez, beste guztiak— eta Getaria KAE 1 ligako txapeldunak osatuko dute. Beste multzoan ariko dira KAE 1 ligako Kaiku, Pedreña, San Pedro, San Juan, Arkote, Zumaia, Castro, Deustu, Lapurdi eta Camargo; KAE 2ko Mutriku eta Hibaikak ere haiekin batera jokatuko dute. Galiziako ligako ontziak, berriz, ez dituzte gonbidatu.

Sailkatze estropadak 17:30ean hasiko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.