Pista berde, lehia gori

Justu-justu amaitu dute Yeongameko zirkuitua, baina han izango dira bihar titulurako lehian ari diren bost gidariak

Laurentzi Garmendia
2010eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Azken txanpako hiru lasterketetan lehena da Koreako Sari Nagusia. Azken unera arte zalantzan izan da han korritzea, lanak asko atzeratu baitira eta oraindik eraikin asko amaitzeke baitaude. Autoak pistan dauden bitartean, langileek azken ukituak ematen diraute. Guztia amaituko ez badute ere, lasterketa korritu egingo da. Horixe nahi dute titulua lortzeko aukera duten bost gidariek. Tira, Webberrek gutxixeago.

Izan ere, australiarrak badaki hamalau punturen aldea edozein lasterketatan lurrun daitekeela. Horregatik, zenbat eta gutxiago falta, orduan eta hobeto harentzat. Baina Koreako lasterketa Yeongameko zirkuituan jokatuko da, ezbairik gabe. Webberrek nahiko emaitza ona lortu zuen Japonian, bigarren amaitu zuen, eta asteburu honetan ere badu horretarako aukera. Zirkuituak denetariko ezaugarriak ditu, eta orekatu egiten du taldeen arteko lehia. Urte osoan Red Bull autoa izan da onena, eta oraingoan logikoena goian egotea da.

Hala ere, guztia ez dute alde izango Webberrek eta Vettelek. Lehen sektorea izugarri azkarra da, bi zuzengunez osatua funtsean. Hor Ferrarik eta McLarenek aurrea hartzen dute, eta irteeran oso garrantzitsua izango da lehen zati hori. Hortik aurrera, Red Bullek bere arintasuna erakusten du beste bi sektoreetan. Itzulirik onena egiteko auto egokia da, hortaz. Ondorioa hauxe da: Webber edo Vettel lehen posturako borrokan izango direla sailkapenean. Horrek ez du esan nahi Alonsok eta McLareneko bikoteak horretarako aukerarik ez dutenik, Italian eta Singapurren espainiarra irten baitzen lehen postutik.

Sailkapenean Red Bullek izan dezakeen abantaila hori ezin da lasterketara zabaldu. Lehen sektorean duten abiadura falta horrek ahul bilakatzen baititu, aurreratuak izateko arriskua handituz. Jakina da hor postua galduz gero, ondorengo sektoreetan azkarragoa izanda ere, ez direla toki egokiak postua berriro lortzeko. Behin aldea irekiz gero, postuak egonkortu egingo dira, baina lehen bizpahiru itzuliak inoiz baino kritikoagoak izango dira.

McLaren aste osoa aritu da esaten ezin direla ahaztu bere bi gidariak. Egiatik izan dezake zerbait, baina zenbakiak eta azken lasterketetan erakutsitako itxura kontra ditu. Alonso da kontrako joera izan duena, bigarren denboraldi erdi paregabea osatu baitu. Japonian hirugarren izen zen, eta berez emaitza txarra izan ez bazen ere, bertan Vettelek irabazi izanak puztu egin du nabarmen alemaniarra.

Goranzkoan da Vettel, eta hark zeresan handia izango du lasterketan. Ez da liderra, baina hain aldakorra izaten ari den txapelketan, Vettel da uneko izena. Nork daki, igande goizean ordezkoa izan dezake. Webberrek motor berria izango du lasterketan, eta irabaziz gero badaki lan erdia eginda duela. Biek zaindu beharko dute Alonso, hori ere saltsan sartuko baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.