Elkarrekin bizi dira Lizarran (Nafarroa), baina egun anitz ematen dute elkar ikusi gabe. Eskubaloia dute biek lanbide eta pasio, eta kirolak ezarritako mugak onartu behar dituzte, ondorioz. Partidek etxetik urrun eramaten dituzte. Logroñon aritzen da Unai Arrieta (Elgoibar, Gipuzkoa, 1981); Patri Pinedo, berriz, Itxakon (Amurrio, Araba, 1981). «Ohartxoak uzten dizkiogu elkarri etxean, garbigailua jarri behar dela eta antzekoak esateko».
Arrietarenak dira hitzak. Lizarratik ordu erdira du Logroño (Espainia). Egunean bitan egin behar izaten du bidaia anitzetan, goizez eta arratsaldez duelako entrenamendu saioa. Pinedok ez du herritik atera behar, Lizarrakoa bertakoa baita Itxako. 2009. urtean ailegatu zen arabarra Nafarroara, eta urte berean kontratatu zuen Logroñok Arrieta. «Zorte handia izan dugu. Nahi dugun taldean gaude, eta, gainera, elkarrekin egoteko aukera dugu», nabarmendu du Pinedok.
Eskubaloiak elkartu zituen bi kirolarien bideak, 14-15 urte bertzerik ez zutenean. Euskal selekzioaren eskutik ezagutu zuten elkar, eta Arraten egin zuten bat gero. «Gure harremanak gorabeherak izan ditu, baina azken zazpi-zortzi urteak elkarrekin eman ditugu».
Arrietak Kanaria Uharteetan emandako bi urteak kenduta, gainerako denbora elkarrengandik hurbil egon dira bi jokalariak. Horrek ez du erran nahi, hala ere, kirolari izateak lotuta duen ziurtasun ezak eragiten ez dienik. «Urtero berritzen dugu kontratua biok; eta urtero egin behar diogu aurre horrek sortzen digun ezinegonari; orain hemen gaude, baina hurrengo urtean, auskalo», erran du Pinedok.
Etxean, eskubaloia mintzagai
Gustuko dutena egiten dute Pinedok eta Arrietak, eta sumatzen zaie. Kirola partekatzen dutenez, batek bertzea ederki ulertzen du, eta hori ere sumatzen zaie. Biek argi dute, adibidez, bertzeak urruti eramanen lukeen kirol eskaintza on bat jasoko balu, onartzera animatuko luketela. «Kirolarion ibilbidea motza da, eta aukerak aprobetxatu behar ditugu», erran du Arrietak.
Zukua atera nahi diote kirolari. Pistan bizi dute eskubaloia, bai eta handik at ere. «Etxean asko hitz egiten dugu eskubaloiaz. Unairi asko gustatzen zaio. Ni gehiago saiatzen naiz etxean kirola bazter uzten, baina zaila da».
Finean, inork baino hobeki ulertzen dute elkar, antzeko egoerak bizi baitituzte. «Nik badakit Patri nola sentitzen den partida garrantzitsu baten atarian», jarri du adibide gisa Arrietak. Pistan bertzea nolakoa den ere argi dute biek. Itxakora ailegatu zenetik defentsan egin duen lana nabarmendu du Arrietak Pinedori buruz; eta, batez ere, haren jarrera: «Irabazlea da, borrokalaria». Ezaugarri bera du Arrietak, Pinedoren ustez. Gehiago erran du: «Logroñora ailegatu zenetik, askoz ere hobeto daki aztertzen pistan gertatzen dena. Oso azkarra da». Eskubaloiak elkartu zituen, eta kirola bizi dute egunero.
Pistan bi talde, baina etxe barruan bakarra
Euskal selekzioaren eskutik ezagutu zuten elkar Patri Pinedo eta Unai Arrieta eskubaloi jokalariek; Itxakon da Pinedo, eta Logroñon Arrieta; Lizarran bizi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu