Haizea bezala, boladaka ibili da Reala Philippe Montanierren agindupean ligako lehen hamasei neurketatan. Hori dela eta, haren lanak ez du guztiz bete Anoetako zaleen nahia, batik bat, irabazi gabe egon zeneko aldian aulkitik erakutsitakoak zalantzak eta haserreak piztu zituelako neurri berean. Errendimendu gorabeheratsu horretan, itxaropenak sortu eta usteldu egin ditu taldeak, itzali eta piztu egin da lau garaipen eta bost berdinketari esker jaitsiera postuetatik bi puntuz gaindi egoteko sailkapenean eta bizirik kopan. Bada zerbait. Inork ezin dezake jakin zer gertatuko den 2012. urtean, baina normandiarraren etorrera osteko lehen hilabeteak hezur-mamitu daitezke ordea.
1. Metodologiaaldaketa: sistemaberrira egokitzen
Lasarte eta Montanier ezin daitezke inolaz ere konpara, bataren joko arauek ez dutelako zerikusirik bestearenarekin. Entrenatzaile berriak lehen entrenamendu saiotik garbi erakutsi zien bere jokalariei zer-nolako jokamoldearen alde egingo zuen: kalitate eta baloi jabetzari lehentasuna aitortuz. Horretan dago alderik nabarmenena. Azalpenak zelaian gauzatzean dago koska, eta horretan dihardute txuri-urdinek. 4-3-3 marrazkira egokitzea ez da samurra, ezin daitezke-eta egun batetik bestera sistema horren barnean dauden agindu guztiak menderatu. Hala, erosoago aritu da Reala erasoan baloirik gabeko lanean baino. Jokatzeko modu horrek zelaian gora egitea ahalbidetzen dio taldeari, eta ahalegin horretan komeni baino zirrikitu gehiago utzi dizkio aurkariari zelai erdian. Taktikoki eraginkorragoa izatea falta zaio.
2. Aurpegi berriak:Alai eta triste
Inolako zalantzarik gabe Asier Illarramendi eta Iñigo Martinez gazteen ibilkera ederra izan da Montanierren aro hasierako albisterik pozgarriena. Lotutasunik gabe jokatu dute, lotsagabe, eta multzoak eskertu du bai haien freskotasuna. Mutrikuarrak gauza on asko utzi zituen lesioaren aurretik: baloi erabilera dotorea, jokoaren ulermena eta lan jantziak soineratzeko nagitasunik eza. Osaketa lanetan dabil buru-belarri, eta otsailean itzul liteke taldera. Ondarroarrak ere entrenatzailearen uste osoa izan du, eta azken hilabetean protagonista handietako bat izan da Zubietan. Zelai erdiko bi zartada ikusgarriak ez ditu berehalakoan ahaztuko realzaleak. Horrez gain, erdiko atzelari on batek izan behar lituzkeen dohainak erakutsi ditu —sendotasuna, goitikako jokoan boterea, indarra, kontzentrazioa, kokapena eta baloi irteera zoragarria— nahiz bete-betea izateko bide luzea geratu oraindik. Inork ezer esan gabe hark bakarrik jakin badaki jenioa kontrolatzen ikasi behar duela.
Zubietako eremuetatik kanpo, Carlos Vela eta MacDonald Mariga ekarri zituen utzita kirol zuzendaritzak; Arsenaldik Vela,eta Milango Intertik Mariga, talde erraldoietatik biak ere. Aurreikuspenak betetzeko zorian bata, urrun, urrunegi bestea. Mexikarra behetik gora dator, eta txuri-urdinen erreakzioaren errudunetako bat izan da. Aurrelari bizkor eta fina da, baina agian behar baino gutxiagotan erakusten du futbolerako duen berezko gaitasuna. Ez dagoenean, badago, eta badagoenean, ez dago. Halakoxea da hura. Kenyarra, berriz, flakiak jota ibili da. Erritmoa ezin hartuta, zelaian ezin kokatuta, azken batean zeharo galduta, ahul. Hobetzeko tarte handia dauka. Gezurra dirudi Mourinhok haren alde egin izana ia 10 milioi euro ordainduz Parma taldetik fitxatzeko. Oraintxe bertan ez litzateke harrigarria izango neguko azokan beste norabait joatea. Anoetako bulegoetan hitz egin da horren inguruan. Ikusiko da zer erabaki hartzen duten azkenean.
3. Bolada gaiztoak ia plangintza desegin
Ederki asko ekin zioten txapelketari txuri-urdinek Gijongo Molinon zelaian gailenduz eta segidan Bartzelona ahalguztiduna ezustean harrapatuz. Futbolean, ordea, egun batetik bestera berreskura edota gal daitekeenez konfiantza, Mallorkan —irabazi beharreko neurketa batean— eta Athleticen aurka —galdu beharrekoan— jasotako belarrondokoek zorabiatuta utzi zuten taldea puska batean, eta ingurua kirioak dantzan, Zaragoza eta Vallecasko hondamendiak ia segidan iritsi baitziren. Valentzian Levanteren kontra beharbada urteko lehen zatirik beteena jokatu arren galdu izanak zauriak areagotu baino ez zituen egin, eta Getafe eta Espanyolen kontrako berdinketa eskasek zer esanik ez.
Zortzi jardunalditan bi puntu baino ez zituzten bildu tarte gogor horretan. Ondorioz, Montanier kinka larrian egon zen, eta Iñigo Martinezek azken segundoan Benito Villamarin isildu ez bazuen, auskalo non legokeen egun. Anoetan perikitoekin berdindu ondorenean, bigarren zati negargarri baten ostean, azken sailkatua izatera iritsi ziren gipuzkoarrak. Orduan jo zuen hondoa. Gero iritsi zen Sevillako kanoikada, entrenatzailea salbatu zuena.
4. Betisen kontrainflexio puntua
Elustondo-Aranburu-Zurutuza hirukoarekin zelai erdia mendean hartzen hasi denean izan du zentzua jokoak. Orekatuago, mardulago eta fidagarriago, ez dizkiote golak horren erraz sartu, eta nagusi izan da partidaren zatirik handienean. Vila-Real eta Racingen kontra bat gutxiagorekin eta etxetik kanpo lortutako berdinketek aho zapore mikatz samarra utzi izana da taldearen hobekuntza azaltzeko adibiderik gardenena. Batez ere, jokalari erabakigarrienak berena ematen hasteak berpiztu du Reala. Zurutuza, Vela eta Griezmann lozorrotik ateratzea ezinbestekoa izan da, eta horiei Agirretxe, Elustondo —iaz oso gutxi jokatu zutenetako bi— eta Mikel Gonzalezen lan zoragarria erantsi behar zaie.
Dani Estradak ere aipamena merezi du. Txintik atera gabe eta eskuin petoa izan arren, legez De la Bellari zegokion postuaren jabe eginda. Norberak bere maila ematen badu, multzoa geroz eta sendoagoa izango da, lehiakorragoa. Zubietan hazitako bederatzi jokalarirekin aritu da azkenaldian. Norabide horretan amaitu dute urtea txuri-urdinek, eta bertatik ez irtetea izango da haien helburua datorrenean.
Pixkanaka-pixkanaka koskortzen
Futbolaren ohiko gorabeherak bizi izan ditu Realak lehen lauhilekoan, hala emaitzetan, nola jokoan. Una latza gaindituta, txukun amaitu du urtea, eta multzo gaztearen izaera lehiakorra gogortzea da orain betebeharra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu