inaugurazioa

Piztu da sua: hasi dira jokoak

[YouTube]http://youtu.be/aeISLGr-Mxg[/YouTube] Goizeko ordubata eta erdiak pasatxo zirela piztu da Londresko olinpiar estadioko sua. Zazpi gaztek eraman dute azken lekukoa. Ikusgarria izan da ekitaldia. Unai Zubeldia BERRIAko kazetariak zuzeneko kontakizuna egin du Berriketan-en, Londresko estadiotik bertatik. Bideoa: Olinpiar suaren piztea.

2012ko uztailaren 28a
00:18
Entzun

Hasi dira Londresko Olinpiar Jokoak. Hirugarrenez hartu ditu Londresek jokoak, eta abuztuaren 12ra artean munduko (kirol) hiriburua izango da. 

Hiru parte izan ditu inaugurazio ekitaldiak: ikuskizuna, kirolarien desfilea eta olinpiar suaren piztea. Ikusgarria izan da. Daniel Boyle zinemagilea arduratu da ekitaldia antolatzeaz — Slumdog millionaire eta Trainspotting filmen zuzendaria da— . “Inoizko ikusgarriena” izango dela iragarri zuen hark eta, hori betiere subjetiboa den arren, zoragarria izan da behintzat. 

Euskal Herriko 22:00etan hasi zen ekitaldia, eta ikuskizunaren lehen parteak ordubete eta hogei minutu iraun du. 23:20an 204 herrialdeetako kirolarien desfilea hasi da, Greziako taldea buru zela; azkena, Erresuma Batua. Ordu eta erdiko desfilea izan da; ez dira luzatu.

01:05ean hasi dira hitzaldiekin. Aurrena, Sebastian Coe Jokoen antolatzaile taldeko burua izan da. "Harro" sentitzen dela adierazi du, eta parte hartzaileei esan die Olinpiar Jokoetan izatea "ordezkaezina" dela. Atleta izan zen Coe, iraupen erdiko probetan munduan onenetakoa.

Jacques Rogge Nazioarteko Olinpiar Batzordeko presidenteak jende askoren lana eskertu du, eta Jokoak bukatzean "herentzia positiboa" geratuko dela espero du. Herrialde denetan dago gutxienez emakume bat, historian lehen aldiz, eta Roggek hori azpimarratu du; "sexuen arteko berdintasunera begira aurrerapena da".

Isabel II.a Ingalaterrako erreginak eman du jokoak hasteko agindua, 01:18an. Olinpiar sua piztea falta zen, ordea.

Ondoren, David Beckham futbolari ohia ibaitik ontzi batean estadio atarira heldu da, eta Steve Redgrave arraunlari ohiari eman dio zuzia —bost olinpiar urre irabazita dago—. Redgrave sartu da zuziarekin estadiora, eta zazpi gazteri eman die lekukoa. Gazteek piztu dute sua, estadioaren erdi-erdian. Borobilean-borobilean 204 pieza zituzten —herrialdeko bat; desfilean herrialde bakoitzak ale bat eraman du, ume baten eskuetan—, eta 204 piezek su hartu dutenean, goraka hasi dira, ixten ari zen lore baten antzera, eta goian batu egin dira, olinpiar sua osatuz. 01:36ak ziren.

Paul McCartneyk itxi du ekitaldia, Beatlesen Hey Jude kantatuz.

Erresuma Batuaren historia ikuskizunean

60ko urteetako musikak girotu dute ekitaldia. Musikaren atalean, Beatles, Rolling Stones eta orduko hainbat talde mitikoren eskutik oraingo taldeetarako bidaia egin dute. William Shakespeare idazleak ere izan du tokirik kantutegian; izan ere, Isles of Wonder ikuskizuneko abestiak haren kontakizun bat du oinarri. Ez da Erresuma Batuko literaturako protagonista bakarra izan, ordea, Peter Pan, Mary Poppins eta Harry Potter ere bertan izan baitira. 

Boylek “nazioaren irudia” erakutsi nahi zuen eta, horretarako, Bradley Wiggins Frantziako Tourreko irabazleak estadioko kanpaia jo ostean, musikaren harian, landazabal idilikoa (animalia, baserritar eta guzti) eta industria garai oparoa islatu ditu, Tamesis ibaiaz lotuta. Teknologia berriek egunerokoan eragindako aldaketen isla ere agertu da estadioan.

Mila perkusionista baino gehiago izan dira, hamar mila antzezle inguru, 80.000 ikusle olinpiar estadioan bertan, eta zer esanik ez telebistaren beste aldean —lau mila milioi lagun, jokoen antolatzaileen arabera—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.