Plater handiko aldapa

Giroko lehen mendate serioa igoko du gaur tropelak: Montevergine di Mercogliano; ez da gogorra

Andoni Urbistondo.
2007ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Giroko lehen mendate serioa igoko du gaur tropelak: Montevergine di Mercogliano. Azkar, laugarren etapan, eta atseden edo leku aldaketa egun baten ondoren. Txirrindulariek hegazkinean egin zuten Sardiniatik Napolirako bidea. Ordubete eskas, baina nahikoa eguneroko ohiturak aldatzeko eta ezin hobeto koipeztatutako gorputza baldartzeko. Montevergine di Mercoglianok lehen izerdi hotzak eragingo ditu, lehen ziztadak giharretan, zenbakiei erreparatuz gero, aldapa gogorra ez bada ere.

Montevergine di Mercogliano aldapa polita da. Alpe d'Huez txiki baten parekoa, 180 graduko 25 bihurgune itxi dituelako. Bihurgune horiek ziztu bizian ematen dituzte txirrindulariek, aldapa nahiko etzana delako. %5,2ko desnibela du batez beste mendateak, eta, gaur egun, pendiz hori plater handiarekin igotzen dute txirrindulari indartsuenek. Plater handiarekin ez bada, pinoi txikienekin, 15 edo 17koarekin. Garapen horrekin handia da abiadura, 30 kilometro orduko edo. Montevergineko aldapa pikoena %10ekoa da, baina tarte txiki batean. Eraso bortitzekin baino gehiago, erritmo bizia mantenduz hautsiko da tropela.

Liquigas taldeari begira daude beste guztiak. Danilo Di Luca da gaurko etapa irabazteko hautagai sendoena. Sasoitsu dagoelako, maglia arrosa bere taldeak duelako, eta Di Luca ingurukoa delako eta inork baino hobeto ezagutzen duelako igoera. Ez alferrik, Di Lucak berak irabazi zuen Monteverginen 2001. urtean. 2004an ere han bukatu zen Giroa, baina orduan Damiano Cunegori eta Saeco taldeari itzal egingo zion txirrindularirik ez zegoen tropelean.

Zer gertatuko da oilarren artean? Normalean segundo batzuetako atzerapena egongo da, baina ez harritu bakarren batek gehixeago galtzen badu. 2004an gertatutakoak erakusten du gaur zer gerta daitekeen. 13 lagun bakarrik helmugaratu ziren buruan. Montevergine ez da gogorra, Giroko beste mendateekin alderatuz gero, baina 17 kilometroko mendatea da.



SaILKaPenaK
SAILKAPEN NAGUSIA

1. Enrico Gasparotto (Liquigas) 10.03.48

2. Danilo Di Luca (Liquigas) d. b.

3. Andrea Noe (Liquigas) d. b.

4. Franco Pellizotti (Liquigas) d. b.

5. Vincenzo Nibali (Liquigas) d. b.

6. Charles Wegelius (Liquigas) d. b.

7. Paolo Savoldelli (Astana) 13ra

8. Eddy Mazzoleni (Astana) d. b.

9. Andrei Mizourov (Astana) d. b.

10. Dmitri Muraviev (Astana) d. b.

11. Serguei Iakovlev (Astana) d. b.

12. Andy Schleck (CSC) 30era

13. Kurt-Asle Arvesen (CSC) d. b.

16. Patxi Vila (Lampre) 42ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.