Nahiko zabalduta dago jada sailkapen nagusia, baina askoz gehiago zabalduko da gaur. 43,8 kilometroko erlojupekoa korrituko da Zaragozan. Laua, ordokizaleentzat ezinhobea da, hiria inguratzen duten saihesbide zabaletatik baitoa ibilbidea. Plazerra da batzuentzat bakarkako lana, sufrimendu handia besteentzat. Ordokizaleentzat, garapen handiak mugitzeko gai diren txirrindulari sendoentzat plazerra dira gaurkoaren moduko erlojupekoak. Bizikleta gainean dotore jarri eta arin astintzen dituzte pedalak, plater txikian, arin-arin joango balira bezala. Pisu gutxiko igotzaileentzat, aldiz, sufrimendu latza dira erlojupekoak. Nahi eta ezin aritzen dira eta haizeak dantzan jartzen ditu uneoro, egokiera onena bilatzeko lana asko zailduta.
Gozatzen dutenek, eta sufritzen dutenek, denek, barruan duten guztia eman beharko dute Vuelta irabazteko bidean. Ordokizaleek, hurrengo hiru egunetan, Pirinioetan, igotzaile arinen esanera jardun beharko dutelako. Igotzaileek, mendian gora egingo dituzten erasoak eraginkorrak izatea nahi dutelako. Ahalik eta errenta txikiena galtzea da euren asmoa.
Herasek bost minutu galdu ditu azken bi urteetan
Erlojupekoak erabakigarriagoak izan dira azken bi urteetan Vueltan. Ordekan galdutako minutu purrustada berreskuratu ezinda aritu dira igotzaileak. Erlojupekoetan minutuak azkar galtzen baitira, mendian gora irabazi direnak baino azkarrago bai, behintzat. Hortik erlojupekoek behin betiko sailkapen nagusian duten pisua. Roberto Heras(US Postal) bigarren postuan sailkatu zen iaz. 2,14ko aldea kendu zion garaileak, Aitor Gonzalezek, baina egin ziren bi erlojupekoetan 4,56 galdu zuen Herasek. Angliru, La Pandera eta Covatillako pendiz pikoak ez ziren nahikoa izan orduan. Antzera gertatu zen 2001. urtean. Heras laugarren izan zen, hiru erlojupekoetan 4,31 galdu baitzuen Caserorekiko.
Oscar Sevilla orekatuagoa da. Heras baino gutxiago igotzen du, baina hobeto moldatzen da ordekan. 1,36 bakarrik jan zion Sevillari Caserok. Iaz, Gonzalezek, gehiago: 3,29.
Deigarria da oso Osa anaien jarduna. Sailkapen nagusirako hautagai sendoak ez diren heinean, litekeena da bete-betean ez aritzea gaur, indarrak gordetzeko Pirinioei begira. Aitorrek 7,03 galdu zuen 2001ean, eta sailkapen nagusian 8,32, bederatzigarren postuan sailkatzeko. Iaz 13 minutu baino gehiago utzi zituen bidean Osa anaia zaharrak. Unai gazteak bederatzi minutuko atzerapena pilatu zuen orain bi urte. Atzerapen ikaragarria.
Igor Gonzalez de Galdeanok Heras eta Sevilla urruntzen hasteko aukera bikaina du. Bizpahiru minutuko errenta lortu behar du Pirinioak lasai igarotzeko. Ez ditu bi txirrindulari horiek bakarrik zaindu behar. Angel Caserok eta Aitor Gonzalezek hutsegite larria egin zuten bigarren etapan, El Fito gainean. Garrantzitsua izango da oso bikote hori urrun mantentzea, Vuelta lortzeko borrokan sartzen badira asko izango direlako Galdeanok estu zaindu beharreko kontrarioak. Urrezko maillota eskura dauka, behintzat.
ESPAINIAKO VUELTA
Plazerra edo sufrimendua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu