Frantziako Tourra

Pogacar hondoratu egin da, eta Vingegaardek azken kolpea eman du

Gallek irabazi du Tourreko 17. etapa, ihesean. Bilbao hirugarren izan da, eta seigarren jarri sailkapenean. Pogacarrek ia sei minutu galdu ditu liderrarekin, Lozen makalaldia izan eta gero

jarraia230887.jpg
enaut agirrebengoa
2023ko uztailaren 19a
19:06
Entzun

Ezuste handirik ezean, Jonas Vingegaardek (Jumbo) irabaziko du Frantziako Tourra. Kolpe erabakigarria eman du gaur, mendiko etapa nagusian. Hark erasoa jotzerako, jota geratu da Tadej Pogacar (UAE). Loze igo dute, aurtengo aldiko mendaterik garaiena, eta esloveniarra gailurretik 7,6 kilometrora gelditu da ezinean. Vingegaardek ia sei minutu atera dizkio Courcheveleko helmugan, eta sailkapenean 7.35era du orain. Maillot horiak iazko jabe bera izango du.

Etapa Felix Gallek (Ag2r) irabazi du, eguneko ihesaldia baliatuta. Pello Bilbao (Bahrain) ere alde eginda ibili da, eta hirugarren izan da, Vingegaard beraren aurretik. Gernikarra seigarren jarri da nagusian, eta gaur etapa handia egin ondoren, aukera dauka Tourra are gorago bukatzeko: Simon Yates (Jayco) 31 segundora du, Carlos Rodriguez (Ineos) 49 segundora, eta 2.05era dauka Adam Yatesen (UAE) hirugarren postua.

Pogacar erori egin da Saisiesen, eguneko lehen mendatean. Igotzen hasi eta berehala jo du asfaltoaren kontra, beste txirrindulari baten gurpila ukitu ondoren. Itxuraz, aparteko arazorik gabe itzuli da bizikleta gainera, baina baliteke kolpeak zerikusia eduki izana ondoren Lozen izan duen ahuleziarekin.

Ihesaldi jendetsu eta indartsua osatzeko saiakera izan da Saisiesen, baina ezerezean utzi du Tiesj Benootek (Jumbo). Haren erritmoak apurtu egin du faboritoen multzoa, eta hasiera batean, atzean gelditu dira Bilbao, Rodriguez eta Jai Hindley (Bora).

Egoerak baretzera egin du tropelean, eta Cormet de Roselenden 34 txirrindularik egin dute alde. Bilbao izan da horietako bat. Bidaide izan ditu Gall, Simon Yates, David Gaudu (Groupama) eta Guillaume Martin (Cofidis), sailkapen nagusiko hautagaiak haiek ere. Giulio Cicconeri (Lidl) ez dio trenak ihes egin, eta puntuak pilatzen aritu da mendiko lidergoa sendotzeko. Halaber, Vingegaardek eta Pogacarrek bi taldekide sartu dituzte aurrean: batak Benoot eta Wilco Kelderman (Jumbo), eta besteak Marc Soler eta Rafal Majka (UAE).  

Ihesaldia tropel bat zen bere horretan, eta aurrean zeuden faboritoek jende ona zuten lanerako. Haatik, kontrol zorrotza ezarri du Jumbok multzo nagusian, eta errentak nekez egin du gora. Longefoy gainditu, eta Lozera bidean martxa bizkortzen saiatu dira lasterketa burukoak, baina errentak doi-doi gainditu du hiru minuturen langa. Murritzegia zirudien, 28 kilometroko igoera ia amaiezina baitzuten aurretik.

Tarte luze batez Omar Frailek eta Jonathan Castroviejok (Ineos) gidatu dute tropela, baina haien erritmoa ez da nahikoa izan aurrekoengana gerturatzeko. Pogacarrek, bien bitartean, ez zuen sentipen onik igortzen. Aurpegia elastikoa bezain zurbila zeukan, eta aurkariei jarraitu ezinik gelditu da tontorra oraindik urrun zegoenean. Segundoak azkar galdu ditu horitik aurrera.

Ihesaldia berandu gabe xehatu da. Aurrera egin dute Yatesek, Gallek eta Majkak; Bilbaok ezin izan die jarraitu. Gallek eraso egin du, eta hortik aurrera, lehia estua izan du Yatesekin. Gailurrean 23 segundo zeuden bien artean. Beranduago iritsi da Vingegaard. Erakustaldiaren bila irten da mendateko azken bost kilometroetan, baina ezin izan ditu iheslaririk onenak harrapatu. Une batez, trabatuta gelditu da motor baten erruz, eta hanka lurrera bota behar izan du.

Bilbao liderraren gurpilean iritsi da tontorrera, eta hamalau segundo atera dizkio Courcheveleko helmugako malda pikoan. Ordurako, etapa irabazia zuen Gallek. Maldan behera ohi baino hobeto moldatu da, eta Yatesi 34 segundo atera dizkio azkenean. Bilbao 1.38ra iritsi da, 1.52ra Vingegaard, eta 7.37ra Pogacar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.