Tadej Pogacarrek (UAE) irabazi du Euskal Herriko itzuliko hirugarren etapa, Ermualden. Azken Frantziako Tourrean bezala, buruz buru aritu da Primoz Roglic herrikidearekin (Jumbo), ikuskizun aparta eskainiz. Hiru erritmo aldaketa egin ditu Pogacarrek bukaerako horman, liderra atzeratu nahian, baina ez du halakorik lortu. Bederen, irabazi egin dio esprintean, eta gainsariak tarteko, 20 segundora hurbildu zaio sailkapen nagusian. Koska bat beherago egon da Mikel Landa (Bahrain): bosgarren bukatu du, esloveniarrengandik bost segundora. Zazpigarren dago orain nagusian, minutu bateko atzerapenarekin. Arabarrarekin batera helmugaratu den Alejando Valverdek (Movistar) osatu du etapako podiuma.
Zazpi txirrindularik osatu dute eguneko ihesaldia: Oier Lazkanok (Caja Rural), Gotzon Martinek (Euskaltel), Roger Adriak (Kern Pharma), Mikkel Honorek (Deceuninck), Felix Gallek (DSM), Larry Warbasek (AG2R) eta Dani Navarrok (Burgos). Zazpi minututik gorako errenta iErmualden gora buruz buru aritu dira Itzulia irabazteko bi hautagai nagusiak: Tadej Pogacar (UAE) eta Primoz Roglic (Jumbo Visma).zan dute etaparen lehen zatian, baina tropelean berriketak bukatu dira azken 80 kilometroetan. Errenta azkar galdu dute iheslariek, eta Laudiora bidean bakarkako ahalegina egin du Lazkanok, helmugatik 27 kilometrora. Malkuartura lasterketa buruan iristea zen gasteiztarraren erronka, eta iheskideekin minutu erdiko tartea zabaldu du. Ziztu batean zetorren, ordea, onenen multzoa, eta doi-doi lortu du helburua Lazkanok; mendateko lehen aldapetan harrapatu dute.
Sua ez da maldan gora piztu, beheraka baizik. Landak arriskuak hartu ditu hasieran, baina apaldu egin zaio grina errepidetik ateratzeko zorian egon eta gero. Lurrean bukatu du, aitzitik, Michael Woodsek (Israel), taldeak egindako lan eskerga ezerezean utziz. Behin Ermualdera iritsita, erasora jo du Pogacarrek. Hiru ahalegin egin ditu: 2,6 kilometrora bata, 2,1era bestea, eta 1,5era azkena. Hiru aldietan Roglicek jarraitu ahal izan du bakarrik. Haien artean jokatu dute etapa garaipena. Aldeak, dena den, ez dira handiak izan: hogei segundoren barruan izan dira lehen hamar sailkatuak. Galtzaile nagusiak Bora eta Astana izan dira, minutu erditik gorako atzerapena izan baitute Maximilian Schachmannek eta Emanuel Buchmannek (Bora), eta Jakob Fuglsangek eta Ion Izagirrek (Astana).
Bihar mendiko beste etapa bat jokatuko dute, Gasteiz eta Hondarribia artean. 189 kilometroko lana egin beharko du tropelak, eta amaierako zatian Jaizkibel eta Erlaitz kateatuko ditu. Azken hori Lehen Mailako mendatea da (4 kilometro eta %10,4ko bataz besteko pendiza), eta gaina helmugatik hogei kilometrora izango du.
Hirugarren etapa
1. Tadej Pogacar (UAE) 4:04:50
2. Primoz Roglic (Jumbo) d.b.
3. Alejandro Valverde (Mov.) 5era
4. Adam Yates (Ineos) d.b.
5. Mikel Landa (Bahrain) d.b.
6. David Gaudu (Groupama) 8ra
7. James Knox (Deceuninck) 16ra
8. Jonas Vingegaard (Jumbo) d.b.
9. Mauri Vansevenant (Dece.) d.b.
10. Brandon McNulty (UAE) 18ra
Sailkapen nagusia
1. Primoz Roglic (Jumbo) 8:07:48
2. Tadej Pogacar (UAE) 20ra
3. Brandon McNulty (UAE) 30era
4. Adam Yates (Ineos) 39ra
5. Alejandro Valverde (Mov) 50era
6. Jonas Vingegaard (Jumbo) 54era
7. Mikel Landa (Bahrain) 1.00ra
8. Pello Bilbao (Bahrain) 1.08ra
9. Max. Schachmann (Bora) 1:09ra
10. Mauri Vansevenant (Dec.) d.b.