TXIRRINDULARITZA

Pogacarrek beste erakustaldi bat eman du

Esloveniarrak nagusitasun osoz irabazi du Frantziako Tourreko lehen erlojupekoa, eta alde handiak atera dizkie aurkari guztiei: besteak beste, 44 segundo Roglici, 1.18 Thomasi eta 1.44 Carapazi. Van der Poelek sufrituta eutsi dio lidertzari

Tadej Pogacar, helmugaratzen, gaur. CHRISTOPHE ENA / EFE
enaut agirrebengoa
2021eko ekainaren 30a
19:02
Entzun

«Helburua denborarik ez galtzea zen». Hala adierazi du Tadej Pogacarrek (UAE) Tourreko bosgarren etaparen ostean, barrez. Txantxa dirudi, erakustaldi basatia egin baitu 27 kilometroko erlojupekoan, eta alde handiak atera dizkie aurkari guztiei. Iaz hankaz gora jarri zuen lasterketa erlojuaren aurka, eta oraingoan, kolpe handia emateko baliatu du bakarkako lana. Ibilbide aldetik, gaurkoak ez zuen La Planche des Belles Filleseko saioaren antzik, laua zelako, aparteko zailtasunik gabea. Haatik, emaitza berbera izan da, denborarik onena ezarri baitu Pogacarrek, bataz beste orduko 51 kilometroko abiaduran. Lehengo lepotik izan du burua, eta gauza bakarra falta izan zaio: lasterketako burura iristea. Zortzi segundorengatik ez dio kendu lidertza Mathieu van der Poeli (Alpecin). Herbeheretarrak zain eta muin defendatu du maillot horia.

Tourra hasi besterik ez da egin, baina Pogacarrek gauzak oso alde ditu jada. Apenas kaltetu zuten lehen egunetako erorikoek, Primoz Roglic (Jumbo Visma) eta Geraint Thomas (Ineos) ez bezala. Eta gaur, aise nagusitu zaie biei ala biei: 44 segundo atera dizkio herrikideari, eta 1.18 galestarrari. Hainbestean jardun dute, zauriz eta kolpez josita egonagatik. Ordea, Pogacarren denbora beste mundu batekoa izan da. Minututik gorako galera izan dute Roglic ez gainontzeko faboritoek: 1.08era geratu da Rigoberto Uran (Education First), 1.11ra Julian Alaphilippe (Deceuninck), 1.44ra Richard Carapaz (Ineos), 1.49ra Enric Mas (Movistar) eta Wilco Kelderman (Bora), 2.14ra David Gaudu (Groupama)...

Espezialistek ere amore eman behar izan dute esloveniarraren ahalmenaren aurrean. Mikkel Bjerg (UAE) izan da erreferentzia on bat ezartzen lehena, kronometroa 33.01ean geldituta. Euria hasi du geroago, eta horrek asko zaildu du inork danimarkarraren marka ondu ahal izatea. Bihurgune asko zutik hartu behar izan dituzte txirrindulariek; azken metroetan zeudenak, esate baterako. Ordea, atertzera egin du tarte baten ondoren, eta Mattia Cattaneok (Deceuninck) zapuztu egin du Bjergen ametsa, ibilbidea sei segundo azkarrago osatuta. Hortik gutxira, italiarrari 36 segundo atera dizkio Stefan Kungek (Groupama). Hura zen proba irabazteko hautagai nagusietako bat, eta ez du hutsik egin.

Oso zaila zirudien inork Kungen denbora hobetu ahal izatea. Gertu izan diran Jonas Vingegaard (Jumbo Visma) eta Kasper Asgreen (Deceuninck), baina zortzi eta hemezortzi segundora gelditu dira, hurrenez hurren. Burrunba ozena entzun da bat-batean. Pogacar zen. Tximista bezala zihoan. Erlojupekoaren ostean aitortu duenez, hasierako aldapetan ez du gehiegi estutu nahi izan, gerora esfortzuan itota ez gelditzeko. Halere, denborarik onena ezarri du lehen mugarrian; baita bigarrenean ere. Eta, nola ez, helmugan ere bai. Wout van Aertek (Jumbo Visma) kolokan jar zezakeen haren garaipena, baina urrun gelditu da azkenean, 30 segundora. Laugarren bukatu du, Pogacarren, Kungen eta Vingegaarden atzetik. Postu bat beherago sailkatu da Van der Poel, segundo bakarrera. Erlojuaren kontra aritzeko ere badu gaia liderrak, gaur erakutsi duenez.

Apal aritu dira, aldiz, euskal herritarrak. Omar Fraile (Astana) izan da onena: 24. bukatu du, 1.44ra. Ondo ibiltzeko aukerak izan zitzaketenen Pello Bilbaok (Bahrain) eta Ion Izagirrek (Astana), baina 41. eta 65. izan dira, 2.08 eta 3.07ra, hurrenez hurren.

Pogacarrek abantaila handia lortu du sailkapen nagusian: besteak beste, 1.36era du Carapaz, 1.40ra Roglic, eta 1.46ra Geraint Thomas. Hori horrela, Jumbo Visma eta Ineos taldeei bide bakarra gelditzen zaie UAEko ziklista azpiratzeko: lasterketa hankaz gora jartzea, Euskal Herriko Itzulian gertatu zen bezala. Alegia, xaxatu egin beharko lituzke Pogacarrek gaur eman dien astinduak. Ibilbidea eta indarra badute egoera iraultzeko, edo gutxienez, esloveniar gaztea estu hartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.