Txirrindularitza

Pogacarrek irabazi du Liege-Bastogne-Liege, Alaphilippen aurretik

259 kilometroren ostean, bost txirrindulariren arteko esprintean gailendu da esloveniarra. Bosteko multzoa osatu dutenak Gaudu, Valverde eta Woods izan dira.

Pogacar, gaur, Liegeko helmugan, Alaphilippe eta Gauduren aurretik.
2021eko apirilaren 25a
19:11
Entzun

Garaipen handia eskuratu du gaur Tadej Pogacarrek. Frantziako Tourreko irabazlea txirrindulari bikaina da klasiketarako ere, eta beste behin erakutsi du, Alaphilippe eta Valverde bezalako espezialistei aurrea hartuta.

Aurtengoa Liege-Bastogne-Liege lasterketaren 107. aldia izan da, eta, beste behin, argi geratu da irabazi nahi izanez gero, ezinbestekoa dela une oro eta ondo kokatuta joatea tropelean lasterketak irauten dituen 259 kilometroetan. Gaur ere mugimendu asko izan da tropelean eraso erabakigarria heldu den arte: Michael Woods kanadarrarena. Roche-aux-Falcons mendatean gora jo du, helmugarako hamahiru kilometroren faltan, eta eutsi dioten bakarrak izan dira amaierako esprintean garaipena jokatu dutenak: Pogacar, Alaphilippe, Gaudu eta Valverde.

Esprintean, aurrean kokatu da gaur 41 urte bete dituen Alejandro Valverde. Lehendik ere modu horretan garaipen handiak lortutakoa da espainiarra (2018ko Munduko Txapelketan, besteak beste), baina gaur bera baino aurkari indartsuagoak zituen gurpilean. Alaphilippe izan da aurrea hartu dion lehena, baina hura ere eskuinetik aurreratu eguneko garaileak: Pogacarrek.

Lehen euskalduna Alex Aranburu izan da: Astanako txirrindulariak 21. postuan amaitu du, eta 30. izan da Omar Fraile haren taldekidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.