Pogacarren erabateko nagusitasuna

Liderrak ginga jarri dio egiten ari den Tour ikusgarriari, Luz Ardidenen irabazita. Guztiz erabakita utzi du sailkapen nagusia. Bilbao bederatzigarren jarri da, Uranek izan duen txakalaldiari esker

Jonas Vinegaard Tadej Pogacar gaurko Tourreko etapa irabazlea zoriontzen. PETE GODING / EFE
enaut agirrebengoa
2021eko uztailaren 15a
19:38
Entzun

Maillot horia ia berea zuen, eta zakuan bi etapa garaipen ere bazituen. Aseezina da, ordea, Tadej Pogacar (UAE), eta gaur besoak altxatu ditu berriro, Luz Ardideneko helmugan. Hamar urte ziren Frantziako lasterketa ez zela Euskal Herriko ziklismoaren iruditerian balio berezia duen mendate horretatik igotzen. Samuel Sanchezek irabazi zuen han azkenekoz, Euskaltel-Euskadiren elastikoarekin, eta gaur izar esloveniarrak hartu dio lekukoa. Gozatu handia ari da hartzen aurtengo Tourrean, haren pareko aurkaririk ezean. Gaur, jolas egin du berriro Jonas Vingegaardekin (Jumbo Visma) eta Richard Carapazekin (Ineos). Bezperan Porteten egin bezala, erritmo aldaketa bortitz batekin menderatu ditu, amaieran. Hirugarren etapa garaipena lortzeaz gain, erabakita utzi du guztiz maillot horiaren lehia, eta bidenabar, mendiko maillota kendu dio Wout Poelsi (Bahrain).

Herbehereetarraren taldekidea da Pello Bilbao, eta gernikarrak askoz ere aho zapore gozoagoarekin finitu du etapa. Izan ere, postu bat egin du gora sailkapenean, eta bederatzigarren jarri, Rigoberto Uranek (Education) sekulako ahulaldia izan eta gero. Hasi, bekoki ilunarekin hasi dute eguna Bahraineko ziklistek, bart gauean Frantziako Poliziak miaketa egin baitzien hotelean. Taldeak araudia betetzen duela azpimarratu du; ez dituzte jakinarazi miaketaren arrazoiak.

Behin etapa abiatuta, Bahrainek Matej Mohoric bidali du aurrera, ihesean bere aukerak jorra zitzan. Tourmaletera lasterketa buruan iritsi da, Julian Alaphilipperekin (Deceuninck) batera. Minutu bateko errenta baino ez zuten igoera mitikoaren magalean. Nahiko garbi zegoen etapa oilarren artean jokatuko zela. Edonola ere, ziklista ugari saiatu dira esperotako gidoia apurtzen; adibidez, Omar Fraile eta Ion Izagirre (Astana), baita David Gaudu (Groupama) eta Pierre Roger Latour (Total Energies) ere. Frantziarrak iritsi dira buruan mendate gainera; gertu zegoen Fraile, baita tropela ere, 55 segundo eskasera. Ineosek gidatutako multzoan jada ez zen Uran ageri. Kolonbiarra makal aritu zen atzo, eta erabat hondoratu da gaur. Laugarren ekin dio etapari; bada, ia bederatzi minutu galdu, eta hamargarren posturaino egin du atzera.

Gaudu bakarrik gelditu da jaitsieran, bihurguneetan arriskatuz, eta hura iritsi da aurrena Luz Ardidenera. Ez zihoan inora, hamabost segundo eskaseko errenta baitzuen. Zernahi ere, tropelak ez du behealakoan harrapatu. Ineosek trostan zeraman multzo nagusia, Dylan Van Baarleren erritmoan. Geroago Michal Kwiatkowskik hartu du lema, eta orduan bai, Gaudurenak egin du, 9,5 kilometroren faltan. Halere, txirrindulari askok jarraitzen zuten tropelean. Tao Geogheganek ere ez du zuhaitza askorik astindu. Gauzak 5, 4 kilometroren faltan aldatu dira, Rafal Majka (UAE) tiraka hasi denean. Estutu egin du, Pogacarren erasoa bideratzeko.

Helmugatik hiru kilometrora egin du liderrak lehen erritmo aldaketa. Alpeetan, aski zuen eraso bat aurkariak menderatzeko. Pirinioetan, aldiz, gutxienez erantzuteko gauza izan dira aurkariak. Jonathan Castroviejok (Ineos) esloveniarraren gurpilean sartzen lagundu dio Carapazi, eta Vingegaardek, Enric Masek (Movistar) eta Sepp Kussek ere tinko eutsi diote.

Jumbok ez ditu kartak behar bezala erabili. Bi txirrindulari edukita, eta Pogacarren errematerako gaitasuna aintzat hartuta, hari erasoka hastea zatekeen apusturik zentzuzkoena. Aldiz, tiraka jarri da Kuss, hautagaiak azken kilometrorantz gidatuz. Bertan, aurkariak ezustean harrapatzen saiatu da Mas, baina Pogacar ez zegoen oparirik egiteko. 700 metroren faltan abiatu da garaipenerantz. Patxadaz sartu zen helmugan, maillot horia soinean eta ukabila goian. Hiru egun baino ez zaizkio gelditzen Tourrari, eta oker handirik ezean, Pogacarrek bigarren urtez jarraian irabaziko du. Bigarren Vingegaard dago, 5.45era, eta hirugarren Carapaz, 5.51ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.