Gola: 1-0: Movillak (5. min); 2-0: Michuk (17. min); 3-0: Michuk (28. min); 4-0: Diego Costak (36. min); 5-0: Armenterosek (57. min); 6-0: Titok (79. min). Epailea: Estrada Fernandez. Txartel horiak: Rayoko Pulido eta Pitiri; eta Osasunako Raitala, Flaño eta Roversiori. Bestelakoak: 11.004 ikusle Vallecasen.
Sasoia hasi zenetik bi partida jarraian galdu gabe zen Osasuna, baina iragan asteburuan Nafarroako Erresuman Real Madrilen aurka 1-5 galdu ostean, atzo Rayok, Espainiako hiriburuko beste talde batek, Lehen Mailako lauretatik apalenak, beste jipoi bat eman zion Jose Luis Mendilibarrek entrenatutako taldeari. Lehen Mailako talde guztietatik etxeko partidetan puntu gutxien lortutako taldea da Rayo Vallecano, baina atzo goitik behera menderatu zuen Osasuna Jose Ramon Sandovalek zuzendutako taldeak. 6-0koa gehiegizkoa izango zen agian, baina hiru puntuak onenarentzat izan ziren.
Amestutako norgehiagoka izan zuen Rayok. Bosgarren minuturako aurretik zen; ordu erdia bete aurretik, hiru golen aldea zuen, eta, atsedenaldian, lau golena. Alderatze guztietan, bigarren jokaldi guztietan Osasunakoei aurre hartzen zieten etxekoek. Eta Vallecaskoa bezain zelai txiki batean jokatzen denean, berebiziko garrantzia dute jokaldi horiek.
Osasuna ez zen lo zelairatu, eta etxetik at jokatutako partida gehienetan baino gehiago iritsi zen aurkariaren areara. Gorritxoen joko zuzenak emaitza ona eman ahal ziela zirudien. Movillak bosgarren minutuan Andres Fernandezen alderatze bat sarera bidali zuenean usteak ustel izan zitezkeela pentsatuko zuten Vallecasen zeuden Osasunako 300 bat zalek, dena dela. Diego Costak baloia hartzen zuen bakoitzean Osasunako atzelariak larri ari ziren. Michu bikain iristen zen areako eremurik arriskutsuenetara, eta Damia zein Raitala sufritzen ari ziren Armenteros, Piti, Costa eta enparauekin. Langak eta zutoinak galarazi zuten Rayoren bigarrena hamalaugarren minutuan. Baina hiru minutu geroago Michuk ederki errematatu zuen Titok Raitala gainditu eta gero, eskuinetik egindako erdiraketa. Costaren jokaldi bikain bat baliatuz hirugarrena egin zuen gero Michuk. Atsedenaldiaren aurretik partidako jokalaririk onenak, Diego Costak, laugarrena egin zuen Rayorentzat.
Ikusteko partida polita zen. Golak sartuagatik, Rayok ez zuen atzera egin, eta Osasunak ere izan zituen aukerak gola sartzeko. Asmatu, Rayokoek soilik asmatu zuten, ordea. Atsedenaldirako partida erabakita zegoen. Eta atsedenaldian hiru aldaketa egin, hiru atzelari soilik zelaian utzi eta arriskuak hartu arren, Mendilibarrek ez zuen lortu taldeak hobera egiterik. Lehen zatian baino itxura kaskarragoa eman zuten nafarrek bigarren zatian, eta beste bi gol gehiago jasota —Armenterosek eta Titok sartu zituzten— sasoiko porrotik mingarriena bildu zuten. Handiena ez, Bartzelonak 8-0 irabazi zien Camp Noun, eta Real Madrilek 7-1 Santiago Bernabeun. Baina Vallecasen inork ez zuen espero horrelako jipoirik.
Azken bi porroten ostean Europarako sailkatzeko ametsa gauzatzea urrun ikusten da, sailkapenak helburuak gertu jarraitzen duela dioen arren. Gauza asko hobetu beharko ditu Osasunak balentria gauzatu nahi baldin badu.
Rayo 6. Osasuna 0
Porrotik mingarriena
Osasunak oso partida eskasa egin du Vallecasen, eta merezitako astindua jaso du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu