Moussa Marega futbol jokalariarentzat Portugalgo ligako atzoko norgehiagoka bikain zihoala zirudien: haren taldea, Porto, 1-2 irabazten ari zen etxetik kanpo, Vitoria Guimaraesen aurka, eta gola sartu berria zen Maliko aurrelaria. Gainera, 2016-2017ko denboraldian Guimaraesen jokatutakoa da Marega. Partidako 70. minutuan, ordea, zelaitik alde egitea erabaki zuen; beroketatik ari zen Vitoriako hainbat zaleren irain arrazistak entzuten, eta agortu egin zitzaion pazientzia. Jokalariak gaitzespen keinuak egin zizkien zaleei, eta, zelaia uztear zela, aulki bat ere bota zuen harmailetara. Portugalgo ligan halako zerbait gertatzen den lehen aldia da.
Zeresana eman du gertakariak: batetik, Maregaren erabakiagatik; baina, are gehiago, haren taldekideek eta partidako epaileak izandako jarreragatik. Irudiek erakusten duten moduan, Portoko jokalariek ahaleginak egin zituzten Maregari zelaitik alde egiten ez uzteko, modu zakarrean ere bai batek edo bestek. Epaileak, berriz, txartel horia atera zion jokalariari.
[youtube]https://youtu.be/zx_SDZV-tfc[/youtube]
Beste jokabide bat erakutsi zuen Sergio Concençao Portoko entrenatzaileak. Hark, izan ere, Guimaraesen zaleei aurpegiratu zien lotsagarria zela egiten ari zirena, eta norgehiagoka osteko prentsaurrekoan ere babestu zuen Marega: «Guztiz suminduta gaude. Zale talde txiki batek beroketatik iraindu du Moussa. Familia bat gara, eta bost axola digu bakoitzak zer jatorri, altuera, ile kolore eta azal kolore duen. Gizakiak gara, errespetua merezi dugu, eta gaur gertatu dena lotsagarria da». Estadioan zeuden hainbat zale ere Maregaren alde abesten hasi ziren jokalaria zelaia uzteko ahaleginetan ari zen bitartean.
«Lotsagarria zara»
Portoko aurrelariak Instagram bidez helarazi zuen bere haserrea: «Zelaira irain arrazistak esatera etortzen diren memelo horiei gauza bakarra esan nahiko nieke... joan daitezela popatik hartzera. Eskerrak eman nahi dizkiet babestu ez nauten epaile horiei ere, nire azalaren kolorea defendatzeagatik txartel horia ateratzeagatik. Futbol zelai batean berriz ez elkartzea espero dut. Lotsagarria zara».