Atzo gauean jokatu ziren Espainiako Kopako final-hamaseirenetako joaneko lehen partidak. Euskal taldeek, hala ere, gaur ekingo diote lehiaketari. Kopan ari diren bost euskal taldeen artean bi apalenen txanda izango da gaur, Portugaleterena eta Real Unionena, hain zuzen ere. Bihar, berriz, Lehen Mailako hiru euskal ordezkariena izango da, Athletic, Reala eta Osasunarena, alegia.
Portugaletek eta Real Unionek aurkari indartsuak dituzte, Getafe eta Sevilla Lehen Mailako taldeak, hurrenez hurren. Bizkaitarrek zein gipuzkoarrek ustekabekoa eman nahi dute, eta ustez koska bat gorago dauden aurkariak bidean utzi. Horretarako, badakite joaneko partidan dutela aukera aproposena, etxean ariko baitira eta lehen partidan errazagoa baita kontrarioa ustekabean harrapatzea.
Portugalete da lehian jarraitzen duen talderik apalena mailari dagokionez -Hirugarren Mailan ari da-. Bizkaitarrek Noja eta Castello kanporatu dituzte, eta hirugarren kanporaketa jokatu gabe sailkatu dira final-hamaseirenetarako. Real Unionek, berriz, Burgos, Teruel eta Orihuela utzi ditu bidean.
Portugaletek eta Real Unionek Kopa baliatu nahi dute arreta bereganatzeko
Bizkaitarrek eta gipuzkoarrek Getafe eta Sevilla hartuko dituzte final-hamaseirenetako joaneko partidan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu