Txirrindularitza

Positiboa berretsi du Landisen kontranalisiak

UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak jakinarazi duenez, Floyd Landis txirrindulari estatubatuarraren kontranalisiak positibo eman du; hau da, baimendutakoa baino testosterona gehiago atzeman dute Tourrean leihan zebilela Landisi hartutako laginetan. Landisek irabazi du azken Tourra, baina positibo eman ostean, ziurreneran, kendu egingo diote garaipena. Kontranalisiaren emaitzaren berri izan ostean, berak ez duela debekatutako ezer hartu ziurtatu du berriro txirrindulariak. Phonakek, ordea, taldetik bota du.

2006ko abuztuaren 5a
17:42
Entzun
Arauetan finkatzen denaren aurka, kontranalisia egin baino lehenago jakinarazi zuen UCIk Landisek positibo eman zuela, eta, ondorioz, analisiaren berri eman zutenetik gaur arte hitzetik hortzera ibili da auzia txirrindularitzan, eta, oro har, kirol munduan.

Landisek berak ustezko dopinari buruzko azalpenak eman zituen kazetarien aurrean, eta ukatu egin zuen legezkontrako ezer hartu zuela. Bere gorputzak, berez, ohikoa baino testosterona gehiago sortzen duela argudiatiu zuen Landisek, eta horregatik eman zuela kopuru handia analisian. Abokatuen laguntzarekin hori frogatzen saiatuko zela nabarmendu zuen.

Kontranalisiak baieztatu egin du gehiegizko testosterona maila, eta UCIk garbi du Landis dopatu egin zela. Ondorioz, ziurrenera, Frantziako Tourreko irabazle titulua kenduko diote. Bigarren sailkatu zen Oscar Pereiro galiziarra aldarrikatu dezakete irabazle berri.

Taldetik kanpo

UCIk ez ezik, Landisen talde Phonakek ere, argi samar ikusi bide du txirrindulari estatubatuarrak legez kanpoko sustantziak hartu zituela, eta kontranalisiaren emaitzaren berri izan eta lasterrera taldetik kanpo utzi duela iragarri du.

Landisek, ordea, gogor eusten dio bereari: inoiz ez duela debekatutako gairik hartu ziurtatu du bere web orriaren bidez. Halaber, Tourraren garaile bera dela aldarrikatu du: "indartsuena izan nintzelako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.