Posterrean daudenak

Realak derrigor irabazi behar du lehen partida gaur, Anoetan, Gimnastic aurkari zuzenaren kontra

Xabier Lopetegi.
2006ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Realak derrigor irabazi behar du lehen partida gaur, Anoetan, Gimnastic aurkari zuzenaren kontra xabier lopetegi

Donostia

Joan den asteartean aurkeztu zuen Realak denboraldi honetako posterra. Ligako lehen hamalau partidetan gertatutakoa ahazteko ahalegina egiten bada, eta jokalariak banan-banan aztertuta, ez dirudi talde txarra: denboraldi txukuna egiteko nahiko osagai badauzkala ematen du. Hori pentsatzen zuten, behintzat, jarraitzaile eta kazetari gehienek orain dela lau hilabete, baina inork espero ez zuen bide kaskarra hartu du Realak. Emaitzei erreparatuz gero, kosta egiten da talde horretan sinestea, baina gaur Gimnasticen aurka, eta datorren asteazkenean Celtaren aurka, posterrean daudenek jokatuko dute -min hartuta ez daudenek, behintzat-.

Ildo horretatik mintzatu zen Miguel Fuentes Realeko lehendakaria asteartean, fitxaketen inguruan galdetu ziotenean: «Oso oker dabiltza pentsatzen dutenak kanpotik etorriko direnek aterako digutela hau aurrera. Horretarako,egun taldean daudenak dira garrantzitsuenak». Ez zaio arrazoirik falta: horiek barruan daukaten onena ematen ez badute, alferrik izango da fitxaketekin asmatzea. Klubak estimatzekoa den ahalegina egingo omen du, baina oso gaizki egon behar dute gauzek, zuzendaritza bada posterrean daudenengan fedea galdu duen lehena. Bestela ezin daiteke ulertu kontseiluko kide batek jendaurrean esatea Realak «lau edo bost fitxaketa» behar dituela.

Entrenatzailea ere berehala konturatu da kanpotik eta barrutik gauzak desberdin ikusten direla: kargura iristerakoan jokalariengan konfiantza osoa zeukala eta fitxaketetan ez zuela pentsatzen adierazi bazuen ere, berak eskatu dio zuzendaritzari taldea indartzeko. Ez da harritzekoa: Lotinarekin zazpi partidetan lau puntu baino ez ditu lortu Realak, eta defentsan askoz sendoago badabil ere, bi gol bakarrik sartu ditu. Hori da sasoi osoan konpondu ez den arazoa, eta ezinbestekoa izango da gaur erasoan aurrerapauso bat ematea Gimnasticen defentsaren ahultasunaz baliatzeko: gol gehien sartu dioten taldea da, 29 gol, Realari baino bederatzi gehiago.

Inoiz baino arrazoi gehiagorekin esan daiteke garaipena ezin dela berandutu. Izan ere, azken-aurreko sailkatuaren aurka jokatuko du Realak, eta etxean. Jaitsiko diren hiru taldeen zerrenda guztietan agertzen da Gimnastic. Ez da finala, baina mugarria izan daiteke. Beheko lehiakideek partida zailak dauzkate, eta hiru puntuek bultzada polita emango liekete txuri-urdinei. Berdinduz gero, ordea, lehengo lepotik burua, eta galduz gero, zer esanik ez. Hobe horretan ez pentsatzea. Lehen 14 partidetan irabazi gabe mailari eutsi dion talderik ez dago. Gauzak hain gaizki eginda salbazioa puntu gutxira egon dela izan da kontsolamendua orain arte, baina bide beretik segituz gero horri ere ezingo zaio heldu.

Estatistikak dio egoera larriagoetan izan dela taldea eta beti suspertu dela garaiz. Egia da salbazioa urrunago izan duela, eta, gainera, azken jardunaldietan. Denbora alde du Realak. Nolanahi ere, gaurko partida funtsezkoa da. Hala adierazi zuen Fuentesek asteartean. Zuzendaritza peñekin eta ikastolekin jarri da harremanetan, Anoetak gaur itxura polita izan dezan, eta klubeko taldeetako kide guztiak gonbidatu ditu. Horren eraginkortasuna zein den ikusteko badago ere, askoren iritziz egun aproposa zen, aurreko sasoian egin bezala, bazkideei sarrera bana oparitzeko edo sarrerak merkeago jartzeko. Jarraitzaileei partidaren garrantziaz jabetzeko eskatzea baina horretarako neurririk ez hartzea ez da oso koherentea. Hori bai: Anoetara elastiko txuri-urdina jantzita bertaratzen diren lehen 1.000 bazkideei bandera bana emango diete. Eskerrak...

BARTZELONAKO HAMAIKAKO BERA. Hamaikakoa zein den esateko arazorik ez du izan Lotinak, normalean ez bezala: Nou Campen jokatu zutenek jokatuko dute gaur ere. Azken partidan oso gauza garrantzitsua lortu zuen Realak: denbora askoan baloia Bartzelonak baino gehiago izatea. Gaur ezinbestekoa izango da horrela jarraitzea, aurkaria menderatu eta gehiago dela erakusteko. Orain gutxi arte, aurkariek errespetua zioten Realari Anoetan, eta galdutako ospea lehenbailehen berreskuratu beharko du. Horretarako, aukera gehiago sortu beharko ditu eta, Lotinak eskatu bezala, «gora jokalari gehiagorekin iritsi». Deialdian ere erasoaren alde egin du, Ansotegiren tokia Feliciok hartu baitu.

Polita da posterra. Txillida-Lekuko paraje ederra du atzealdean. Polita da posterrean agertzen den taldeak zer eman dezakeen irudikatzea ere, orain artekoa ahazten badugu: zelai erdia menderatzen duen euskarri indartsua (Rivas); baloia ateratzen laguntzen dion erdilari fina (Aranburu); hegalean bihurrikeriak egiten duen jokalaria (Prieto); beldurra sartzen duen aurrelari bikotea (Kovacevic eta Skoubo); tantaka bada ere, ezkerrean aspaldian ikusten ez ziren dohainak erakutsi dituen erdilaria (Felicio); itxaropenerako gazteak (Diaz Zerio eta Mikel Gonzalez); atzelari seguruak, eta finkatze bidean diren etxeko jokalari zerrenda luze bat. Hainbat arrazoirengatik, errealitatea oso bestelakoa izan da, baina posterrean daudenen esku dago paper zati horrek erakusten duena egia bihurtzea.

Gimnastic pattalari da etxetik kanpo

Bere zelaian ez dabil fin Gimnastic: partida bakarra irabazi du, eta bi berdindu. Kanpoan, berriz, are okerrago. Lehen jardunaldian Espanyoli Montjuicen irabazi ondoren, norgehiagoka guztiak galdu ditu. Entrenatzaile aldaketak ez dio emaitza handirik ekarri taldeari, defentsan akats handiak egiten jarraitzen duelako. Erasoan, Ruben Castro bolada onean dabil, eta Gil Brasilgo erdilari oldarkorra ere gertutik zaindu beharreko jokalaria da. Iragan denboraldian igoera lortu zuen taldeko jokalari batzuk ondo ari dira; Irurzun eta David Cuellar, esaterako. Makukula eta Portillori, aldiz, onena ematea kostatzen ari zaie. Reala baino talde txarragoa dela dirudi, baina txuri-urdinak ez daude inor mespretxatzeko moduan...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.