Postu bat, eta hiru aukera

Dohain apartak dituzte Oihan Sancetek, Iker Muniainek eta Raul Garciak, baina, elkarrekin jokatu ahal izateko, euretako bik gustuko postutik kanpo aritu behar dute.

Sancet, Raul Garcia eta Iker Muniain, Mallorcaren aurkako lehian. J. ZORRILLA / EFE.
haritz gallastegi
2020ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Athleticek Europarako sailkatzea du xede geratzen diren sei jardunaldietan. Horretarako, puntu asko bildu beharko ditu. Bada, neurketak irabazteko talde lan ona egiteaz gain, ezinbestekoa da zelaian egindakoa biribiltzen lagunduko duten maila oneko futbolariak izatea. Athleticek talentu berezia duten futbolari asko ez ditu, eta, gainera, euretako hiruk postu berean jokatzen dute: Raul Garciak, Iker Muniainek eta Oihan Sancetek. Oso ezaugarri ezberdinak dituzte, baina hirurak zelaiaren zati berean nabarmentzen dira. Euskarrien aurretik eta erdiko aurrelariaren atzetik, hain zuzen ere.

Gaizka Garitanok badaki zer daukan esku artean. Ondo ezagutzen ditu taldearen bertute eta gabeziak. Eta argi dauka hiru jokalarien premia izango duela Athletic lehiakor izan dadin. Baina hirurek elkarrekin jokatzen dutenean, bik euren postutik kanpo jokatu behar dute. Ahalegin hori mesedegarria izan daiteke taldearentzat, baina kalte egingo die jokalariei; nekez emango dute barruan daukaten guztia.

Raul Garciak ahaztuta izango du erdilari aurreratu postuan jokatzea zer den. Aritz Adurizek protagonismoa galdu zuenetik, erdiko aurrelari postuan dagoen zuloa betetzen ahalegindu da. Tarteka, zelai erdiaren eskuin hegalean ere aritu da. Baina oso gutxitan betiko postuan. Horrek eragina izan du haren jokoan. Ez da aurreko sasoietan adina nabarmendu. Eta, hala ere, taldeko golegilerik onena da. 11 gol sartu ditu; gehienak penaltiz. Ondo aritzeaz gain, nortasuna eta eskarmentua dauka. Eta, horretaz gain, bere esku dagoen guztia ematen du taldearen mesedetan. Horregatik da Garitanoren konfiantzazko futbolarietako bat.

Raul Garciaren postu aldaketak Muniaini egin dio mesede. Hura da taldean sormen handiena duen futbolaria. Ez du parekorik baloia babesten eta lerro artean mugitzen. Gainera, erditik abiatuta, erakutsi du gol sen handiagoa duela. Taldeari erasoko jokoan argitasuna emate aldera, Garitanok sarri zelairatu du euskarrien aurretik. Ondo aritu da. Sasoi ona ari da osatzen, baina etenaldiaren ostean ez da aurretik adina nabarmendu. Mallorcaren aurka, ezker hegalean jarri zuen entrenatzaileak. Erdira jotzeko askatasuna izan arren, ezeroso egon zen. Ohikoa baino gutxiago izan zuen baloia, eta defentsan, sufritu egin zuen.Ez dirudi ondo hartuko duenik hegalera itzultzea.

Gaur, Valentzian

Sancetek ere nahi du Raul Garciak eta Muniainek gustuko duten postuan aritzea. Azken harribitxia da. Belauneko lesio larri batengatik ez balitz, urtebete lehenago egingo zuen debuta, baina apurka hasi da gorengo mailari neurria hartzen. Garaia da, eta, baloia oinetan duela, lerroak gainditzeko erraztasun handia du. Oraindik asko du ikasteko, baino arlo fisikoan garatzen denean, zeresana emango du. Mallorcaren aurka lehen gola sartu zuen goi mailan.

Gaur, seguruenik, hiruretako bat gutxienez aulkian geratuko da Valentzian (19:30). Athleticek gutxienez puntu bat lortu behar du lehian segitzeko. Valentziak puntu bat gehiago du, baina ez da giro klubean. Emaitza txarren ondorioz, Albert Celades entrenatzaile kargutik kendu dute, eta Salvador Gonzalez Voro-k ordezkatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.