Iragan asteburuan Real Madrilen aurka lortu hiru puntuek Osasunako jokalarien adorea indarberritu dute, eta aspaldian ez bezalako alaitasuna izan da aste honetan Taxoaren. Jose Mourinhoren taldea menderatzea ezusteko pozgarria izan bazen ere, Jose Antonio Camachoren jokalariak ezin dira lasaitu, dena dela. Jaitsiera postuekiko hiru punturen aldea besterik ez dute oraindik, eta, gaur arratsaldean Mallorcaren aurka irabazita, sasoi honetan lehendabizikoz bi garaipen jarraian lortu nahi dituzte. Real Madrilen aurka jokalariek bereziki motibatuta zelairatu ziren, baina gaur arratsaldean ere orduan bezain gogotsu irtetera behartuta daude. Partida garrantzitsua da. Irabaziz gero, Mallorca hiru puntura izango dute sailkapenean, eta postu arriskutsuak zertxobait urrunago geldituko dira.
«Real Madrilen aurka lortu garaipenak ezer gutxirako balioko digu Mallorcaren aurka kale eginez gero», esan zuen atzo Camachok. Gorritxoen entrenatzaileak badaki zaila izango dela iragan igandekoa berriz gertatzea, baina gaur jokoan izango dituzten hiru puntuak batzearen garrantzia nabarmendu nahi izan zuen. Eta badirudi jokalariek ere barneratu dutela Mallorcaren aurkako partidaren garrantzia: «Real Madrilen aurka lortu hiru puntuak adinako garrantzia dute Mallorcaren aurka lor ditzakegun hiru puntuek; handiagoa, agian», adierazi zuen herenegun Natxo Monrealek, esaterako. Irabazteak sailkapenean jauzi handia emateko aukera eman diezaieke, eta gorritxoek badakite ezin dutela kale egin.
Jaitsiera postuetan diren hiru taldeek norgehiagoka zailak dituzte jardunaldi honetan: Malagak Sevillaren zelaian jokatu behar du, Almeriak Espanyol hartuko du eta Levantek Vila-realen dauka lehia. Horrez gain, Zaragozak —Osasunak baino puntu bat gehiago du— eta Racingek —gorritxoek baino puntu bat gutxiago du— elkarren aurka jokatu behar dute. Hori gutxi ez balitz bezala, Osasunak baino puntu bat gehiago duten beste hiru taldeek ere neurketa zailak dituzte: Sportingek San Mamesen jokatuko du, Deportivok Getafen eta Herculesek Valentziaren zelaian.
Denek galtzea zaila izango da, baina, Mallorcari irabaziz gero, Osasunak sailkapenean aurrera pauso itzela eman dezake. Irabaziz gero eta aurkarien emaitzak lagun, hamabigarren posturaino igo daiteke, eta Mallorca hiru puntura ikusiko du. Eta Mallorca bezalaxe, gorritxoen hurrengo aurkaria, Reala ere gertu ikus dezakete nafarrek jardunaldi horren ostean. Mallorca mendean hartuz gero, eta Realak Santiago Bernabeun galtzen badu, donostiarrek baino lau puntu gutxiago soilik izango dituzte iruindarrek, Anoetara bisita egin bezperan.
Sasoi honetan behingoz bi partida jarraian irabaztea da helburua, horrek sailkapenean emanaraziko dien jauziak behin betiko gora begira jartzea ekarri ahal izateko. Teorian, Mallorca aurkari aproposa da. Herrialde Katalanetako uharteetako taldeak behin bakarrik irabazi du Lehen Mailan Iruñean. Iragan sasoian izan zen, Chori Castrok lortutako golari esker(0-1). Gainera, zigorrak eta lesioak direla tarteko, jokalari garrantzitsuak falta ditu Laudrupen taldeak: Webo, Nunes, Victor Casadejus, Joao Victor…
Irandarrak, deialditik at
Hasierako hamaikakoan aldaketa bakarra egingo du Camachok, Damia partida bateko zigorra bete beharrean da, txartel pilaketarengatik. Haren tokia Nelsonek hartuko du, eta Natxo Monreal ezker hegaleko atzelari postura itzuliko da. Belaunean izan lesio batengatik Monreal jokatu ezinda izan da azken hilabete eta erdian, baina aste honetan jaso du senda-agiria, eta Camachok hasieratik zelairatuko du nazioarteko atzelaria.
Monrealek bezala, aste honetan senda-agiria jaso dute Javad Nekunamek eta Masud Shojaeik, baina deialditik at utzi ditu. «Real Madrilen aurkako partidarako aukeratu gizonek ondo erantzun zuten, eta haien aldeko apustuari eutsi nahi izan diot. Irandarrek bi entrenamendu besterik ez dituzte egin talde kideekin, eta nahiago izan dut deialdian ez sartu, arreta berriro Osasunan jarrita dutela ikusi arte», azaldu zuen atzo teknikariak. Asiako Kopa jokatu ondoren nahi baino atseden egun gutxiago izan zituzten Nekunamek eta Masudek, eta Real Madrilen aurkako partida jokatzeko irrika handirik ez zuten erakutsi. Camachok ez du ahaztu hori.
Postu batzuk hobetzeko aukera
Mallorcaren aurka hiru puntuak lortuz gero hamabigarren posturaino igo daiteke Osasuna, aurkari zuzenen emaitzen araberaSasoi honetan lehendabiziko aldiz bi partida jarraian irabazi nahi dituzte gorritxoek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu