Martinas Pocius (Vilnius, 1986) aski ezaguna da Lituanian. Herri hartako saskibaloi jokalari gehienak bezala. Ezaguna, bai, baina ez saskibaloi kantxa barruan egiten dituenagatik. Ez oraingoz, behintzat. Pixkanaka hazten ari da jokalari gisa, baina urte batzuk atzera iragarri zioten etorkizun oparo hura urrun dauka gaur-gaurkoz. Pociusek arreta deitzea ere ez da harritzekoa, Lituaniako jokalari gehienen pare, izen eta abizen bereziak baitauzka.
Gaztetan AEBetara egin zuen, hango unibertsitate batean bere jarduna hobetzeko asmoz. Ez zuen nolanahiko unibertsitatea aukeratu. Ipar Carolina estatura joan zen, Dukeko Unibertsitatera. Lau urte egin zituen etxetik urrun, Blue Devilsen elastiko ezaguna han eta hemen erakutsiz. Ez zuen luze gordetzeko moduko zenbakirik lortu, baina sakrifiziorako prest zegoela ikusi zuten hango teknikariek, hobetzeko gertu beti, eta estimu handia zioten. Izan ere, fisikoki inork gutxik daukan gabezia dauka Pociusek. Gaztetan, eskulanetako ikasgaian istripua jasan zuen, eta ezker eskuko hatz eta erdi galdu zituen.
Pocius eskuina da berez, baina jakina da saskibaloian bi esku on behar direla, badaezpada. Hatz eta erdi galduta, askok bertan behera utziko lukete saskibaloi jokalari izateko nahia, baina Pociusek ez —protesi bat dauka egina hatz batean—. Bere aitak eta Mike Krzyzewski Dukeko Unibertsitateko entrenatzaile ezagunak lagundu zioten kemena mantentzen, ez etsitzen.
AEBetatik gauza gehiago ekarri zituen jaioterrira Pociusek. Chicago Bulls taldeko zale amorratua da. 1986an jaioa da, eta Illinoisko taldearen 90. hamarkadako bigarren txapeldun boladarekin zaletu zen erabat, 1996-1998 hirurtekoan.
NBA du jomuga
Duken zela sarri joaten zen Chicagora partidak ikustera, eta zezenen taldeko cheerleader edo dantzari batekin maitemindu zen: Tara Davison. Davison Kaunasen bizi da bikotekidearekin egun, eta Lituaniako prentsa arrosaren ohiko jomuga da. Davison, eta ondorioz, Pocius bera ere bai. Irailean, Turkian Munduko Txapelketa jokatu zen, eta Lituaniak brontzezko domina irabazi zuen, ezustean. AEBen aurka jokatu zuen finalerdia Lituaniak, baina Pociusek ezin izan zion Krzyzewski nagusiari urrea lortzeko aukera lapurtu.
Pocius izan zen, halere, brontzezko dominaren errudunetako bat. Espainiaren aurka jokatu zuen partidan aritu zen ondoenhegalekoa. Munduko Txapelketako onenetakoa izan zen biko jaurtiketetan, eta %76,9ko portzentaje bikaina lortu. Luzean 1,96 metro da, eta barneraketetan iaioa da oso. Potentzia handia du, baina baita baloia beti kontrolpean edukitzeko abilezia ere. Pasa den azaroaren 10ean, Gasteizen, Baskonia txikitu zuen barneraketa horiekin, eta 16 puntu saskiratzeaz gain, zortzi falta behartu zituen.
Bizkaia Bilbo Basketeko Aaron Jacksonek igandean egin zuen txikizioa gogoan, hobe dute Brad Oleson, Pau Ribas, Fernando San Emeterio eta enparauek adi egon Pociusekin gaur. Mutil zintzoaren aurpegia duelako, baina saskirako bidea libre ikusten duenean eraldatu egiten delako. 24 urterekin, NBAn aukeraren bat izateko ametsa dauka, baina pausoz pauso egin behar du bidea.
Aurrena Zalgiris ahalik eta urrunen eraman Euroligan. Horrek bere zenbakiak onak izan direla esan nahiko du. Dukeko Unibertsitate entzutetsuan jokatu izanaren ospea badu ere, Europan zenbaki onik lortu gabe jai dauka munduko liga onenean. Oraingoz 11 puntu eta bi errebote lortzen ari da partidako, NBAko taldeek Europan barrena dituzten ikuskatzaileen arreta erakartzeko moduko zenbakirik ez.
Potentzia eta abilezia
Martinas Pociusek AEBetan, unibertsitate garaian, iragarri zioten etorkizun oparoari heldu nahi dio etxean, Zalgiris Kaunasen. Ezker eskuko hatz eta erdi galdu zituen ikasle zenean, eskulanetako ikasgaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu